Gizartea -

Sestaon

Lau egunetan bigarrenez atxilotu dute edukiontziak erretzeagatik

Igandeko 06:00ak aldera, lanean ez zegoen udaltzain bat susmagarriari gerturatu zaio, edukiontzi batzuen parean zegoela ikusita. Gizonak ihes egin du eta edukiontzian sua piztu da.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sestaoko Udaltzaingoak 46 urteko gizonezkoa atxilotu du, berriro ere, goizeko lehen orduan edukiontzi bati su emateagatik. Pertsona bera iragan ostiralean atxilotu zuten zenbait edukiontzi erretzeagatik, urrian hasitako ikerketa baten ondorioz. Ostiralean aske utzi zuten, epaiketaren zain.

Udalerri bizkaitarreko udalak adizera eman duenez, zerbitzutik kanpo zegoen agente batek eman du atxilotuaren azken ekintzaren abisua.

06:00ak aldera, agentea gizonezkoarengandik gertu gelditu da zertan zebilen ikusteko. Udaltzaina ikusi duenean, susmagarria korrikan atera da, eta, handik gutxira, edukiontzi batek su hartu du.

Atxilotu ondoren, gizonezkoa polizia-etxean giltzapetu dute, berriro ere epailearen esku utzi arte.

14 edukiontzi bi hilabetetan

Ostiraleko atxiloketa ekarri zuen ikerketa urrian hasi zen, Sestaoko edukiontzietako suteak gora nabarmen egin zuela ikusita.

Konkretuki, 2011ko azken bi hilabeteetan bederatzi zabor-edukiontzi erre zituzten, bakoitza 1.100 eurokoa BEZa aparte, eta plastikoak berziklatzeko beste bost edukiontzik ere sua hartu zuten; bakoitzak 600 euro balio ditu, BEZa aparte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea