Gizartea -

Migrazioa

Aita Mari ontziak erreskatatutako 50 migratzaileak Sizilian porturatuko dira

Erreskatea joan den astean burutu zuten eta harrezkero portu seguru baten bila aritu dira. Erreskatatutakoen artean lau adin txikiko daude.

Aita Mari ontzia. Artxiboko argazkia: SMH
Aita Mari ontzia.
Aita Mari ontzia. Artxiboko argazkia: SMH

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aita Mari ontziak duela lau egun Mediterraneo zentralean erreskatatu zituen 50 migratzaileak Sizilian porturatuko direla jakinarazi du SMH itsas salbamendurako gobernuz kanpoko erakundeak.  

Itsasoko koordinaziorako zentro italiarrak baimena eman du "porturatze segurua" Augustan (Sizilia) egiteko.  

"Berehala jarri dugu harako bidea, eta 22:00ak aldera iritsiko garela aurreikusten dugu", adierazi dute ohar batean.

Erreskatatutako pertsona guztiak, tartean lau adin txikiko, ondo daudela zehaztu dute. Porturatzea "ahalik eta azkarren egiteko" dokumentazioa prestatzen ari direla esan dute. "Bihar lehorreratuko direla espero dugu", erantsi dute.

Erreskatatutako pertsona guztien izenean, eskerrak eman dizkiete "porturatze baimena ahalik eta arinen lortzeko lagundu duten erakundeei eta, batez ere, Koordinazio Zentro Nazionalari".

Halaber, pertsona migratzaileen eta asiloa eskatzen dutenen eskubideak bermatuko dituen porturatze mekanismo berri bat landu dezala eta bisak emateko sistema eguneratu dezala eskatu diote Europar Batasunari, "hainbeste heriotza eragiten dituen Mediterraneo zentraleko bide arriskutsua hartu behar izatea saihesteko", azpimarratu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Migrazioa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Italia GKEen albisteak Aita Mari ontzia gaur Zer gertatzen ari da Mediterraneoan?