Gizartea -
Lesio delituagatik
Kartzela eskatu dute, Padillak Hondarribian polizia bat jotzeagatik
Erasoa 2010 urtean gertatu zen, Juan Jose Padilla zihoan autoko txoferrari hainbat agentek alkoholemia testa egiteko eskatu ziotenean. Toreatzailea "agresibo" jarri zen.
Erredakzioa
Gipuzkoako Fiskaltzak urtebete eta zortzi hilabeteko kartzela zigorra eskatu du Juan Jose Padilla toreatzailearentzat Hondarribiako polizia bati jotzeagatik. 2010 urtean gertatu zen, hainbat agentek, Padilla zihoan autoko txoferrari alkoholemia testa egiteko eskatu ziotenean.
Akusazioak dioenez, 2010urteko uztailaren 17an gertatu zen, goizaldeko 3.30etan. Une horretan, toreatzaileak ustez alkoholimetroa "kolpatu" zuen, txoferrak proba egin ahal izatea ekiditeko. Alkoholimetroa zeraman polizia ere jo zuen eta "agresibo" jarri zela dio idatziak. Akusatua kotxetik "era bortitzean" jaitsi zen eta gertatutakoaren ondorioz, polizia batek "eskubiko sorbaldean tendinitisa" izan zuen.
Fiskaltzaren ustez, lesio eta atentatu delituak egon ziren eta horregatik urtebete eta zortzi hilabeteko kartzela zigorra eskatu du, baita 1.800 euroko isuna ere.
Donostiako zigor-arloko salan epaituko da gertakaria.