Gizartea -

tolosaldea

Iurreamendi eremuan eraikiko da Tolosaldeko ospital publiko berria

Kokapena aukeratzeko orduan "irisgarritasuna, eskualdeko mugikortasuna eta herritarrengan izango lukeen eragina" bezalako irizpideak hartu dituzte kontutan.

Iurreamendi eremuko aparkalekua. Irudia:Google Maps
Iurreamendi eremuko aparkalekua.
El Hospital Público de Tolosaldea se situará en Iurreamendi

0:27

o.p. | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tolosako ospitale publiko berria Iurreamendiko suhiltzaileen parkearen parean dagoen partzelan eraikiko dute, Olatz Peon alkateak asteazken honetan jakitera eman duenez, gaur egun kamioientzako aparkalekua dago eremu horretan.

Joan den azaroan balizko kokapenen "lehen azterketa fasea" hasi eta auker horiek laura murriztu ostean, alkateak eta Egoitz Sorozabal Lurralde Saileko eta Hirigintza Saileko zinegotziak behin betiko kokalekuaren berri eman dute gaur prentsaurreko batean.

Kokapena aukeratzeko orduan "irisgarritasuna, eskualdeko mugikortasuna eta herritarrengan izango lukeen eragina" bezalako irizpideak hartu dituzte kontutan, Sorozabalek azaldu duenez.

Lehen fasearen ondoren aurrez aukeratutako lau guneen artean (San Blas, Usabal, Santa Luzia eta Iurreamendi), Usabal eta San Blas baztertu zituzten, "zailtasun handienak dituzten guneak" izateagatik, eta, azkenean, Iurreamendi eremuaren aldeko apustua egin dute, eremu "egokiena" dela iritzita.

Gainera, zehaztu duenez, "Osasun Sailak ere aukera horren alde egin zuen, egokiena" delakoan.

Sorozabalek adierazi duenez, Osasun Sailarekin lan egin dute kokapenak eskualdeko ospitalearen eredua baldintzatuko ez duela bermatzeko.

Behin kokapena zehaztuta, Udalak jakinarazi du Hiri Antolamenduko Plan Orokorra aldatuko duela eta Eusko Jaurlaritzak Plan Funtzionala egin eta ospitalearen eredua zehaztuko du. "Erakundeen elkarlana ezinbestekoa" izango dela azpimarratu du Peonek, "bakoitzak bere eskumenak dituelako".

"Etorkizunean eskualdean titulartasun publikoko ospitale bat izateko lanean jarraituko dugu", azpimarratu dute Udaleko ordezkariek.

Tolosaldeko ospitale-zerbitzua

Tolosaldea da ospitale publikorik ez duen Euskadiko eskualde bakarra. Gaur egun, Tolosaldeko ospitale-zerbitzu medikoa Asuncion Klinikaren bidez eskaintzen da, Osakidetzak itundutako zentro pribatu baten bidez.

Horrek eskualdeko herritar askok izaera publikoko ospitale bat eraikitzeko aldarrikapena eragin du, hain zuzen ere, ospitale publikoaren defendatzaileek urteak daramatzate TOPA (Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde) mugimenduan bilduta.

Berriki, eskualdeko 25 alkate ere helburu berarekin antolatu dira, eta Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuarekin bilduko dira ekainaren 9an, Tolosaldean ospitale publiko bat sortzeko prozesuak ahalik eta parte-hartze handiena izan behar duela eta eragiten dien udalerri guztiek zuzenean parte hartu behar dutela eskatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Eusko Jaurlaritza Tolosa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak