Gizartea -
Koronabirusa
Covid-19a atzemateko txakurrak erabiltzea ikertzen ari da EHU
Hasieran boluntario positiboen eta negatiboen izerdi laginak jasoko dituzte "usaina" isolatzeko, "esentzia" horrekin txakurrak entrenatu ahal izateko.
agentziak | eitb media
Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) ikerlari talde batek ikerketa bat jarri du abian sustantziak eta usainak aurkitzeko trebatutako txakurrekin covid-19a duten pertsonak atzemateko.
Leioako Kanpusean erakustaldia egin dute ikerketan parte hartuko duten hiru txakurrekin, eta bertan Ugo Mayor ikerlariak azaldu duenez, hasieran boluntario positiboen eta negatiboen izerdi laginak jasoko dituzte "usaina" isolatzeko, "esentzia" horrekin txakurrak entrenatu ahal izateko.
Mayorrek jakinarazi du "errekrutamendu fasean" daudela orain, eta 150-200 boluntario behar dituztela, azken 48 orduetan positibo edo negatibo eman dutenak.
Parte hartzaileek produktu sorta bat jasoko dute etxean, tartean gazak, kristalezko hodia eta plastikozko beste bat.
Hori jasota, 24 ordu egon beharko dira dutxatu eta usainaren aurkako produkturik erabili gabe, ondoren 10 minutuz beso azpian gaza bat jarri eta izerditzeko. Gaza hori kristalezko hodian sartu behar da, eta hodi hori plastikozkoan.
Hurrengo egunean joango dira ikerlariak laginaren bila, laborategira eraman eta covid-19arekin kutsatutako pertsonen izerdian usain molekulak bilatzeko.
Kromatografo batekin, ikerlariek sintomadun 50 pertsonaren, 50 asintomatikoren eta 50 negatiboren laginak aztertuko dituzte, eta horrela aurkitu eta isolatu ahal izango dute usaina.
Ikerketaren fase hori amaituta, aztertu eta bereizitako molekulak txakurrak trebatzeko erabiliko dituzte, laborategian ez ezik, kalean ere kutsatutako pertsonak atzeman ditzaten.
Proiektuan parte hartu nahi dutenak EHUren ikerketa zerbitzuarekin jarri beharko dira harremanetan 675 854 415 telefonoaren edo covid19.k9-bizkaia@ehu.eus posta elektronikoaren bidez.