Gizartea -
Sexu-abusuak
Monitore batek sexu-abusuak egin dizkiola salatu du adin txikiko batek Donostian
Lagunak zirela baliatu zuen gizonak neskatoarekin harreman sexualak izateko, adin txikikoa zelan jakin arren.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Arte martzialeko irakasle batek sexu-abusuak egin zizkiola salatu du adin txikiko batek Donostian. Antza, neskatoak "arazo pertsonalak" zituela aprobetxatu zuen gizonak, biktima bere etxera gonbidatzeko eta han sexu-abusuak egiteko.
Salaketa joan den hilean aurkeztu zuten, baina gertakariak 2018ko uztailean jazo ziren. Garai hartan, neskak 15 urte zeuzkan eta laguntza psikologia jasotzen ari zen.
EFE agentziaren arabera, salaketak dio neska gazteak "dena" kontatzen ziola bere irakasleari, adiskidetasun-harremana zutelako.
Gizonak mezuak bidaltzen zizkion sare sozialen bidez, "gurasoak kontra zituela baina berak babesten zuela erakutsi nahian".
Denborarekin mezu horiek "traza sexuala" hartzen hasi ziren eta egun batean gizonak bere etxera gonbidatu zuen neskatoa, "sexu-harremanak izateko asmoz, adin txikikoa zela jakin arren".
Salaketako testuaren arabera, biktimak eskaintza onartu zuen, "garai txar bat" pasatzen ari zelako eta gizona "miresten" zuelako.
Alabaina, gehiegikeriak hasi zirenean, "deseroso" zegoela jakinarazi zion irakasleari. Ez zen gelditu, neskak gainetik kendu zuen arte.
Handik astebetera, gizonak berriro gonbidatu zuen etxera. Hasieran "aitzakiak" jarri bazituen ere, azkenean joatea erabaki zuen. Sexu-harremanak izan zituzten, neska adingabea "deseroso" sentitu bazen ere. "Blokeatuta geratu zen zergatik joan ote zen pentsatuz", aipatzen da salaketan.
Ertzaintzak gizona atxilotu zuen, baina ondoren aske utzi zuten, eta orain epaileak noiz deituko zain dago.