Gizartea -
Gertakaria Pasaian
Lau gazte zauritu dira Trintxerpeko futbol-zelaian, hesi bat erorita
Dirudienez, mutil talde bat hesira igo da, gol bat ospatzeko, eta behera etorri da. Hiru gazte arin zauritu dira, eta laugarren batek buruan kolpea hartu du.
EiTB Media | Agentziak
Lau gazte zauritu dira larunbat honetan Trintxerpe Kirol Taldeko futbol-zelaian, Pasaian (Gipuzkoa), hesi bat erorita. Ezbeharra partida batean gertatu da. Zaurituetako bat osasun zentrora eraman behar izan dute, Izaskun Gomez alkateak azaldu duenez.
"Erreparo guztiekin" lehen informazioen berri eman du alkateak, gertatutakoaren inguruko xehetasun gehiago jakiteko zain.
Dirudienez, mutil talde bat hesira igo da, gol bat ospatzeko, eta behera etorri da.
Hiru gazte arin zauritu dira, eta laugarren batek buruan kolpea hartu du. Horregatik, anbulantzian osasun zentrora eraman dute. Haren aita ere eraman behar izan dute, ondoezik sentitu delako.
Gertakaria 18:30 aldera jazo da Francisco Andonaegui kaleko futbol-zelaian.