Publizitatea
Itxi

2021/06/08

19:00

Gizartea

Bizkaia

Hainbat pertsonak eraso homofoboa egin diote gazte bati Basaurin

N. B. | EITB MEDIA

Biktima ospitalera eraman behar izan zuten. 18 eta 27 urte arteko bederatzi pertsona identifikatu dituzte erasoaren egileak direlakoan.

  • Erasoaren tokia Basaurin

    Erasoaren tokia Basaurin. Argazkia: Tania Sandin.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Hainbat pertsonak eraso homofoboa egin zioten gizon gazte bati igande goizaldean Basauriko Bizkotxalde parkean, Ertzaintzak jakinarazi duenez.

Erasoa ekainaren 6an gertatu zen, 02:30ean. Ertzaintza eraso homofoboa ikertzen ari da, Basauriko polizia-etxean lesioengatik jarritako salaketaren ostean. Biktima ospitalera eraman zuten.

Ikerketa horren baitan, Ertzaintzak eta Basauriko Udaltzaingoak 18 eta 27 urte arteko bederatzi gazte identifikatu dituzte erasoaren ustezko egile gisa, eta izapideak ireki dituzte haien kontra, eta epailearen esku utzi.

"Jipoitu egin zuten, eta, oihuka, 'marikoi zikina' deitu"

Biktimaren mutil-lagunak sare sozialetan azaldu duenez, "jipoitu egin zuten, eta, oihuka, 'marikoi zikina' deitu zioten". 13 laguneko talde batek biktima irainduz hasi zuen erasoa, "nazka" ematen zuela eta "ospa egiteko" esanez.

"Enbarazu egiten badizue, zuek joan", erantzun zien biktimak. Ondoren, haietako batek bizkarretik jo zuen, eta era guztietako kolpeak eman zizkion (ukabilkadak, ostikoak, bultzadak), eta gainerako 12ek ere jipoitu zuten, "lurrean konorterik gabe utzi arte, larri zaurituta, ahotik eta sudurretik odola zeriola".

Bikotekidearen arabera, bertan zeudenak jipoi bortitzaren lekuko izan ziren eta laguntzen saiatu ziren. Azkenean, biktimak ospitalean amaitu zuen, "begi bat more, aurpegia handituta eta gorputz osoan ubeldurak" zituela.

"Lotsagarria da horrelako egoerak bizitzen jarraitu behar izatea", deitoratu du.

Udalaren gaitzespena

Basauriko Udalak gertatutakoa gaitzetsi, eta eraso homofoboa "irmo" salatu du.

Udal talde guztiek sinatutako adierazpen instituzional batean, Udalak adierazi du pertsonen askatasuna murriztu nahi duten "horrelako ekintza matxistak guztiz onartezinak" direla.

Era berean, Udalak elkartasuna adierazi die erasoa jasan duen gazteari eta haren ingurukoei, eta haien esku jarri ditu "Udalaren baliabideak".

Azkenik, horren arabera, "askatasun sexuala oinarrizko konkista da" giza eskubideen alorrean aurrera egiteko, "eta gure gizartean de facto dagoen aniztasunaren adierazle da", gaineratu du.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;