Gizartea -
Kirurgia estetikoa
Inplantea jaso dutenekin hitz egiteko eskatu diete zentro pribatuei
Euskadin 173 emakumek jaso dituzte PIP bularreko inplanteak. Guztira, 400.000 eta 500.000 emakume artean jaso dituzte inplante horiek mundu guztian.
Erredakzioa
EAEko Osasun Sailak Poly Implant Prothèse (PIP) markako iruzurrezko bularreko protesiak jarri dituzten klinika pribatuei kaltetuekin harremanetan jartzeko eskatu die. Euskadin, 173 emakumek jaso dituzte PIP bularreko inplanteak, eta horietatik zortziri Osakidetzan egin zieten ebakuntza.
Rafael Bengoak gidatzen duen Sailak agiri baten bidez jakinarazi duenez, gutun bidez eskatu zaie zentro horiei inplanteak jaso dituzten emakumeekin harremanetan jartzeko informazioa emateko eta kasuan kasu behar diren neurriak hartzeko.
Euskadin PIP protesiak jaso zituzten emakumeetatik, 172k Gipuzkoan egin zuten ebakuntza, eta bat Araban, Osasun Sailak azken astean Osasun Sistema Nazionalarekin koordinatuta telefonoz egindako inkesta baten arabera.
Halaber, Donostia Ospitalean ebakuntza egin zieten zortzi emakumeei azterketa medikoa egiteko dei egin diete; hala ere, emakume guzti horiek ez dute osasun arazorik izan.
Zientifikoen arabera, ez da gomendagarria inplante horiek sistematikoki kentzea, apurtu ez badira edo kentzea gomendatzen duen sintomaren bat ez badago.
Guztira, 400.000 eta 500.000 emakume artean jaso dituzte inplante horiek mundu guztian.