Gizartea -
Vendinga... sardinak saltzeko
Arrain freskoa 24 orduz, Mungiako makina automatiko batean
Arrandegiak eskaintzen duen prezio berdinean, erretilu berezietan bildutako arrain fresko eta garbia eros daiteke. Asteburuetan, gainera, mariskoa ere saltzen dute.
Edozein ordutan arrain freskoa erosteko aukera, vending makina batean? Posible da jada, Mungian. Bertako arrandegi batek vending makina automatiko bat jarri du kanpoaldean, bertan eguneko edozein ordutan arrain freskoa saltzeko. Asteburuetan, gainera, mariskoa ere eros daiteke.
Sardinak, antxoak, legatza, izokina eta itsasoko beste hainbat produktu eskaintzen dituzte makinako apaletan, guztiak ere garbi eta erretilu berezietan. Arrandegi barruan produktuek duten salneurri berdina omen dute makinakoek. Aurrez prestatutako jakiak ere saltzen dituzte, besteak beste bakailaoa pil pil erara eta txipiroiak. Asteburuetan ganbak, karrakelak, lanpernak eta izkirak ere eros daitezke.
Marga eta Ruben Rios anai-arrebek jarri dute martxan ekimena. Orain hamaika urte ireki zuten arrandegia Mungian, eta, Margak azaldu duenez, ''oso harrera ona'' izan du makinak, bereziki gazteen artean.
Karnata saltzea dute hurrengo proiektua, goizean goiz arrantzara doazenentzat.