Gizartea -
TRAFIKO ISTRIPUAK
58 urteko txirrindulari bat hil da Urruñan, auto batek harrapatuta
Hildakoa Hegoaldeko bizilagun bat da. Istripua 09:30 aldera gertatu da Paul-Gelos kalean, Zibururantz.
E.J. | EITB MEDIA
58 urteko txirrindulari bat hil da gaur goizean Urruñan (Lapurdi) auto batek harrapatuta.
Antza denez, Hegoaldeko gizona, Paul-Gelos kaletik zihoan, Kechiloa auzoa Leclerc supermerkatuarekin lotzen duen errepide tartean, Zibururantz jaisten, autoak harrapatu duenean, SudQuestek bere edizio digitalean jakinarazi duenez.
Lekukoek adierazi dutenez, kolpea izugarria izan da eta suhiltzaileak bertaratzean hilik zegoen jada gizona.
Gendarmeriak ikerketa ireki du istripuaren nondik norakoak argitzeko.
Txirrindularia harrapatu duen autoaren gidariak 60 urte ditu eta txirrindularia ez duela ikusi adierazi omen du.