Gizartea -
Dohainezko prentsa
Doako prentsak publizitate bidezko diru sarrerak handitu nahi ditu
Adcloud enpresa alemaniarrak hainbat formatutan komertzializatuko ditu bazkide diren enpresen publizitate guneak.
Erredakzioa
Doako Prentsaren Espainiako Elkarteak (AEPG) eta Adcloud Espainia enpresak hitzarmen bat sinatu dute, elkarte horretako kideek publizitatearen bidezko diru sarrerak handitzeko asmoz. Helburu hori lortzeko, Adclouden teknologiaz eta sare komertzialaz baliatuko dira, hedabide horien publizitate tarteak hainbat formatutan eskainiz.
Alemaniar konpainiak Madrilen kaleratutako komunikatu batean, AEPG elkartea osatzen duten enpresek publizitatearen salerosketan hazkundea izatea helburu dutela azaldu du, "erosle zein saltzaileei aukera gehiago eskainiz".
Gainera, Víctor Núñez AEPGko idazkari nagusiak azaldu duenez, "akordio horrek 2012 urtean eremu digitala hobetzeko asmoz pentsatutako ekimenei hasiera emango die".
Deutsche Posten filiala
Nuñezen iritziz, Adcloudekin lortutako akordioak orain arte AEPGk Interneteko zein paperezko edizioetan martxan zituen salmentei laguntza osagarria eskainiko die.
AEPG eta Adclouderen arteko hitzarmenak ere bigarrenaren plataforma digitala erabiltzeko aukera ematen die hedabideei, aldi berean antolatutako publizitate kanpainak kudeatzeko aukera emanez.
Adcloud Deutsche Posten filiala publizitatearen hartu-emanerako teknologia eta zerbitzu optimizatuak eskaintzen dituen hornitzailea da. Alemanian, Austrian, Suitzan, Frantzian eta Espainian egiten du lan gaur egun.