Gizartea -
Brasilen
'Gran Hermanoko' ustezko bortxaketa ikertzen ari da Brasilgo Polizia
Brasilgo "Gran Hermano" saioan lehiakide batek beste bat mozkortuta eta ia konorterik gabe zegoela aprobetxatu zuen berarekin ustez oheratzeko.
Erredakzioa
Brasilgo Polizia "Anaia Nagusia" saioan bortxaketarik izan ote den ikertzen ari da. Rio de Janeiroko 32. polizia etxeko ikerketa buruzagiak esan duenez, ikertzaileak Projac Globo kateko estudioetara joan dira, zer gertatu zen ikertzeko, bertan grabatzen ari baitira lehiaketa.
Ustezko bortxaketa igande gauean izan zen, taldeak lehen festa egin zuenean. Daniel izeneko lehiakide batek, beste bat oso mozkortuta eta ia konorterik gabe zegoela aprobetxatuta, berarekin oheratzeko baliatu zuen.
Irudi hauek argitaratu ostean, Rio de Janeiroko Polizia Zibilak ikerketa hasi du, inork aurrez salaketarik jarri gabe.
Saioaren zuzendarietako batek esan du "dena maindireen azpian" gertatu dela eta "oso zaila" dela bortxaketa gertatu zen ala ez berrestea. Ustez bortxatu duten lehiakideak, Moniquek, ezertaz gogoratzen ez dela esan du ondoren, kameren aurrean.
Polemika segituan piztu da interneten eta sare sozialetan. Asko Danielen alde atera dira "ekintza arrazista" dela esanez, izan ere, lehiaketako mulato bakarra da.