Gizartea -
Udal bizikleten mailegua
Bilboko bizikleten erabiltzaileek 15 euro ordaindu beharko dituzte
Bizikletak maileguan hartzeko 6 gune berri ezarri ditu Udalak. Bestalde, bizikleta erabiltzeko gehieneko denbora aldatu da, ordu bitik ordu batera.
Erredakzioa
Bilboko Udalak bizikletak maileguan hartzeko 6 gune berri ezarri ditu; mailegu-zerbitzua indartzeko 19tik 25era igo ditu. Halaber, urtean 15 euro ordaindu beharko dituzte Bilboko hiritarrek, eta 20 euro atzerritarrek.
Bilboko Udalak prentsa agiri batean jakinarazi duenez, Iaz 126.232 mailegu erregistratu zituen zerbitzu horrek.
Egindako gogobetetze inkesta baten arabera, erabiltzaileen %84k positiboki baloratzen du Bilbo Bizi zerbitzua, eta hemendik aurrera urtean 15 euroko kuota sinbolikoa izango du.
Udalak kanpaina informatibo bat hasi du gaur, eta esku-orriak, distiragailuak eta jaka islatzaileak banatuko zaizkie bizikleta erabiltzaileei. Gainera, zerbitzuaren baldintzen aldaketen berri emateko gutunak bidaliko dira.