Gizartea -
Droga atzematea
Kokaina banatzeaz arduratzen zen sare bat desegin dute Bilbon
Operazioan, beste objektu batzuen artean, gama altuko hainbat auto, 44.000 euro eskudirutan, eta 350 gramo droga atzeman dituzte.
Erredakzioa
Zerga Agentziako Aduanen Zainketa Zerbitzuak eta Polizia Nazionalak kokaina banatzeaz arduratzen zen sarerik "aktiboenetarikoa" desegin dute Bilbon egindako operazioan. Operazio horretan, Bilbon bizi ziren lau pertsona atxilotzean gain, gama altuko hainbat auto, eskudirutan zeuzkaten 44.000 euro, eta 350 gramo droga atzeman dituzte, beste hainbat gairen artean.
Gobernuak EAEn duen Ordezkaritzak asteazken honetan jakitera eman duenez, taldea 2011. urte bukaeran desegin zuten, Zumaiako portuan 700 kiklo kokaina aurkitu eta gero abiatutako ikerketaren harira. Hain zuzen, urriaren 5ean Hego Amerikatik heldutako belaontzi baten barruan gordetako 700 kilo horiek egin dituzte posible gaur jakitera emandako atxiloketak.
Izan ere, Bilboko Polizia Nazionalaren eta Krimen Antolatuaren aurkako Inteligentzia Zentroaren elkarlanari esker, "Estatuan azken urte hauetan kokainaren eta beste hainbat estupefazienteren banaketan garrantzi handiena izan duen taldeetako bat" desegin dute.
44.000 euro eskudirutan
Ikerketa Azpeitiko (Gipuzkoa) Argibideetako 1. Epaitegiak zuzendu du, lau atxilotuen baldintzarik gabeko kartzelatzea aginduz.
Operazioan, gama altuko hainbat auto, 44.000 euro eskudirutan, 250 gramo kokaina, 100 gramo marihuana, hainbat doitasun balantza, 23 mugikor eta 13 txartel telefoniko atzeman dituzte. Horrez gain, atxilotuekin lotutako etxe eta lokalak miatu dituzte.