Gizartea -

Borroka

Bi zauritu eta hiru atxilotu Donostian, desordena publikoak egotzita

Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, 18, 20 eta 21 urteko atxilotuek ertzainei botilak bota dizkiete. Borroka kaian gertatu da. Gazte bat eta ertzain bat zauritu dira.

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

18, 20 eta 21 urteko hiru gazte atxilotu dituzte Donostian, desordena publikoak leporatuta. Kaian borroka bat zegoelako ertzainak bertaratu dira, eta, antza denez, gazteek botilak jaurti dizkiete.

Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, gertakariak 06:00ak aldera jazo dira. Partikular batek SOS-Deiak 112 larrialdi zerbitzuari abisua eman dio. Borrokaren eta gazte zaurituaren berri eman du.

Ertzainak bertaratu dira, eta botilak jaurtiz hartu ditu pertsona talde batek. Jarraian ertzain gehiagoren laguntza eskatu dute. Horiek ere modu berdinean hartu dituzte. Ertzainek istiluetarako materiala erabili dute.

Ertzain bat zauritu dute. Osasun zentro batean artatu behar izan dute, aldakan kolpeak jaso dituelako.

Ondoren, ustezko kitzikatzaileetako hiru aurkitu ditu Ertzaintzak, 18, 20 eta 21 urteko hiru gazte. Desordena publikoak egotzita, atxilotu dituzte.

Era berean, 18 urteko gazteari eraso, lesio eta kalte delitua leporatu diote, eta 20 urtekoari kalte delitua.

Hiru atxilotuak guardiako epailearen esku utziko dituzte datozen orduetan. Atxilotuetako batek aurrekariak ditu.

Bestalde, borrokan zauritu den gaztea ospitalera eraman behar izan dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Ertzaintza Euskal hiriburuak Gipuzkoa Delituak Eguneko albisteak Albisteak Gazteak Gizartea