Gizartea -

Emakumeen aurkako indarkeria

Genero indarkeriarekin lotutako bi gizonezko atxilotu dituzte EAEn

Ertzaintzak bi gizonezko atxilotu ditu Bilbon eta Barakaldon, ganibet batekin bikotekideari eraso egiteagatik eta emakumeari aurpegian kolpatzeagatik, hurrenez hurren.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak bi gizonezko atxilotu ditu azken orduetan bikotekideari eraso egiteagatik. Atxiloketa bat Bilbon izan da. Auzokide batek abisua eman ostean, Uribarri auzora hurbildu da Ertzaintza patruila bat, gizonezko batek bikotekideari ganibet batekin eraso egin ziolakoan. Biktima Bilboko ambulatorio batera eraman dute eta 30 urteko ustezko erasotzailea epailearen aurrera eramango dute datozen orduetan.

Bigarren atxiloketa Barakaldon izan da. Sestaoko ertzain-etxeko agenteek 36 urteko gizonezko bat atxilotu dute gaur goizaldean Barakaldon genero-indarkeria delitu bat leporatuta. Ustezko egileak ukabilkada bat eman dio biktimari aurpegian eta osasun-laguntza behar izan du eragin dizkion lesioak zirela medio.

Gaur (igandea) goizaldeko ordu bata hogei gutxiagotan lekuko batek Ertzaintzari deitu dio udalerriko Florida kalean gizonezko bat emakume bati erasotzen ari zela ohartarazteko.

Berehala Ertzaintzako patruila batzuk bertaratu dira eta emakumezko bat lurrean aurkitu dute; konortea galtzear zegoen. Biktima artatzeko anbulantzia baten laguntza eskatu ostean, ertzainek gertatutakoaren inguruko informazioa bildu dute. Horrela, 36 urteko gizonezko bat identifikatu eta atzeman dute ustezko egilea zelakoan. Biktimaren bikotekidea zen eta genero-indarkeria delitu bat egotzi diote.

Agenteek jakin ahal izan dutenez, egilea eta biktima lagun batekin oinez zihoazen aipatutako kaletik. Halako batean, bikoteak liskarra izan du eta ondorioz, gizonezkoak ukabilkada bat eman dio aurpegian. Emakumea erori egin da eta buruarekin lurra jo du. Osasun zerbitzuetako kideek ospitalera eraman dute jasandako lesioak artatu ziezazkioten.

Atxilotuak polizia-aurrekariak ditu antzeko delituak direla eta. Une honetan, ertzain-etxean jarraitzen du, beharrezko izapideak burutu eta epailearen esku noiz jarriko duten zain.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea