Gizartea -
Sexu-erasoak
Bi atxilotu Irunen eta Zornotzan sexu-abusuengatik
Erasotzaileak, 29 eta 37 urteko gizonezkoak, atxilotuak izan dira eta epailearen aurretik pasako dira sexu-abusu delituak leporatuta.
Erredakzioa
Ertzaintzak bi lagun atxilotu zituen atzo askatasun sexualaren aurkako delituak egotzita. Zirriak egin zizkieten biktimei, bati Irungo etxebizitza bateko atarian, eta besteari, Zornotzako taberna batean.
Joan den urtarrilaren 9an emakume bati eraso egin zioten bere etxeko atarian, Irunen. Erasotzaileak zirriak egin zizkion bularrean eta biktimak, azkenean ihes egitea lortu zuen. Ondoren, salaketa bat jarri zuen eta atzo arratsaldean, Ertzaintzak susmagarria aurkitu eta atxilotu egin zuen. Gizonezkoak 37 urte ditu eta epailearen aurretik pasako da.
Bestalde, atzo, arratsaldeko 5.00ak aldera, Durangoko Ertzaintza Zornotzako taberna batera joan zen sexu-abusuengatik dei bat jaso ostean. Bertan, emakume batek komunetik ateratzerakoan eraso egin ziotela kontatu zuen eta ustezko erasotzailea tabernan zegoen gainera. Ertzaintzak unean bertan atxilotu zuen 29 urteko gizonezkoa.