Gizartea -
Iruzur saiakerak
Inkesta faltsuak egiten ari dira Gasteizen, lapurtzeko asmoz
Lehendabizi, iruzurgileek telefonoz egin ohi dituzte inkestak, eta behin biktimen konfiantza lortuta, hurrengo elkarrizketa beraien etxean egiten dute.
Erredakzioa
Gasteizko Udaltzainek Udalaren izenean egiten ari diren telefono bidezko inkesta faltsuekin kontuz izateko abisua luzatu diete hiriko biztanleei. Uste denez, Gasteiz Europar Hiri Berdea izendatu izanaren inguruko galderak egiten dituzten galdetzaileek, biktimarekin lortutako konfiantzaz baliatu eta etxebizitza barruko objektuak lapurtzen ari dira.
Udal iturrien arabera, iruzurgileek telefonoz egin ohi dituzte inkestak lehendabizi. Ustezko galdetegi horietan, hiriko garraio publikoaren zein beste zerbitzu batzuen inguruko galderak egiten dizkiete "biktimei", eta behin konfiantza lortuta, hurrengo elkarrizketa beraien etxean egiten saiatzen dira.
Hitzordu horretara bi pertsona joaten dira, eta batek udal inkesta horretarako galderak egiten dituen bitartean, bestea etxetik ibili ohi da. Horrek hainbat bizilagunen errezeloak piztu ditu.
"Modus operandi" berdina
Nahiz eta oraingoz lapurreta salaketarik ez izan, udaltzainen iritziz inkestatzaile faltsu horien helburua biktimen etxebizitzetan lapurtzea da. Horren harira, orain arte bisitatutako etxebizitza guztietan "modus operandi" berdina erabili dutela ziurtatu dute.
Hori dela eta, Udala horrelako inkestarik egiten ari ez dela ohartarazi du Udaltzaingoak. Horrez gain, horrelako inkestetan oinarritzen diren hitzorduen helburua etxebizitzetan ebasketak egitea izan ohi dela aipatu dute.