Itxi

2021/07/13

21:29

Gizartea

Koronabirusa

Nola erabili behar dira autodiagnostikorako testak?

EITB MEDIA

Covid-19a detektatzeko test azkarrak laster egongo dira salgai farmazietan medikuaren errezetarik gabe.

1:59
Test azkarra. Irudia: EITB Media
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Covid-19a detektatzeko test azkarrak laster jarriko dituzte salgai farmazietan medikuaren errezetarik gabe, Espainiako Gobernuak astearte honetan iragarri duenez.

Baina, nola erabili behar dira?

Proba etxean egiteko beharrezko material guztia kutxan topatuko duzu: likidoa, hodia eta kotoi-zotza. Sudur zulotik hartutako lagina, likidoarekin betetako hodian sartu behar da. Hortik aurrera, proba haurdunaldi testen antzekoa da eta emaitza 15 minututan ematen du.

Etxean erabiltzeko test azkarrak 8,50 euroan egongo dira salgai.

Jarraian, test berri hauen gaineko galdera ohikoenetarako erantzunak zehaztuko ditugu:

Zein autodiagnostikorako test erabili behar dut?

Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziak gomendatzen du erabil ditzagula % 97ko espezifikotasuna eta % 90eko sentsibilitatea dituzten autodiagnostiko-probak.

Gainera, testak Europako Komunitateko etiketa izan behar du, eta aztertu duen organismoaren lau zenbakiak ere agertu behar dira.

Noiz egin behar dut proba?

Infekzioaren lehen zazpi egunetan, edo sintomak agertu osteko lehen bost egunetan.

Une honetan, birus-karga mailarik altuenean dago, eta errazagoa da atzematea.

Non erosten da?

Proba hauek farmazietan soilik daude salgai.

Zer egin behar da testa ondo irteteko?

Fabrikatzailearen jarraibideak jarraitu behar dira, arretaz, proba modu egokian egiteko.

Zehaztutako prozedurari ez bazaio jarraitzen, proban eragina izan lezake.

Nola jakin ahal dut emaitza?

Positiboa bada, test (T) eta kontrol (C) lerroak agertuko dira markatuta.  

Negatiboa bada, soilik kontrol lerroa agertuko da markatuta (C).

Testak guztiz ikusgai izan behar du kontrol-lerroa. Ez bada agertzen, proba akastuna da, eta, hortaz, ez du balio.

Zer egin behar dut emaitza positiboa bada?

Proba positiboa bada, pazienteak sintomarik ez badu ere, segituan ekin behar zaio konfinamenduari, eta autonomia-erkidegoko osasun-zerbitzuarekin harremanetan jarri behar da.

Eta negatiboa bada?

Negatiboa bada, hau da, testean soilik kontrol lerroa agertzen bada, pazienteak ez du zertan baztertu kutsatuta egotea.

Baliteke emaitza negatiboak esan nahi izatea birus-karga txikiegia dela, detektatzeko.

Kasu horretan, Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziaren gomendioa da bakartzea, eta autonomia-erkidegoko osasun-zerbitzuekin harremanetan jartzea.  

 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;