Gizartea -
Garraio publikoa
EAEko garraio publikoen ibilbideak planifikatzeko webgunea sortu dute
Webgunea Eusko Jaurlaritzak garatu du, hiru aldundien babesarekin. Atariak 34 operadoreren informazioa biltzen du, eta 3 lurraldeetako 4.000 geltoki eta 450 garraio linea baino gehiago erakusten ditu.
Erredakzioa
"Moveuskadi.com" atari berriak EAEko garraio publikoen erabiltzaileen lana erraztuko du, Erkidegoan lan egiten duten operadore guztien ibilbideen iraupena, ordutegiak eta bidaien kostuak erakutsiko baititu.
Web orria Eusko Jaurlaritzak garatu du, hiru aldundien eta I2MApp enpresaren babesarekin. Atariak 34 operadoreren informazioa biltzen du, hiru probintzietan dauden 4.000 geltoki eta 450 garraio linea baino gehiago erakutsiz. Zerbitzu horrek hiriko zein hiriarteko autobusen, aldiriko zein distantzia luzeko trenen, tranbien, barkuen, funikularren, igogailu publikoen zein Bizkaiko zubi esekiaren inguruko informazioa erakutsiko du.
Aurkezpen ekitaldian Iñaki Arriola Garraio sailburuak, Alicia Ruiz de Infante Arabako Foru Aldundiko Herrilan eta Garraio Zerbitzuen Saileko foru diputatuak, Larraitz Ugarte Mugikortasuna eta Bide Azpiegiturak Departamentuko foru diputatuak, Ray Fernández I2MApp enpresako garapen teknikoaren arduradunak eta Christine Ross Googleko ordezkariak (Strategic Partner Manager) hartu dute parte.
Sakelakoetarako formatua
Arriola sailburuaren iritziz, Estatuan aitzindari den proiektu horrek erkidegoko biztanleen bizitza erraztea du helburu, klik batekin nahi duten ibilbidearen informazioa lortu ahal izango dutelako.
Weba automatikoki eguneratzen da, zerbitzuren batean atzerapenik badago horren berri ere emateko. Horrez gain, mugikorretatik ere erabili ahal izango da, ahots sistema baten bidez.