Gizartea -
Europar batasuna
Sareko informazioa desagerrarazi ahal izatea proposatuko du Europak
Europar Batasunak Interneten inguruko proposamen hau kaleratuko duen bitartean, AEBetan pirateriaren aurkako SOPA lege famatua kritika ugari jasotzen ari da.
Erredakzioa
Europar biztanleek Interneteko konpainien eskuetan geratu diren datu pertsonalak zein argazkiak ezabatu ahal izateko helburuarekin, Viviane Reding Europar Batasuneko Justizia eta Oinarrizko Eskubideen komisarioak proposamen bat aurkeztuko du bihar. Gauzak horrela, Redingek errealitate bihurtuko du Interneteko erabiltzaileek beren arrastoa ezabatzeko aukera izatea ahalbidetuko duen legea.
Proposamen honek, datuen babesa zaintzeko hartuko den neurririk berritzaileenak, adingabekoen segurtasuna zaintzea izango du helburu, Redingen ordezkari baten hitzetan "gazteek askotan ez baitakite Interneten eduki pribatua kaleratzeak dakarren arriskua".
Neurri horrek, herritarrei eskubide gehiago emateaz gain, betebeharrak ezarriko dizkie enpresei, neurri berri horiek bete ezean isunak jasoko baitituzte. Dena dela, proposamena martxan jartzeko Europar Parlamentu eta Kontseiluaren onespena beharko du oraindik, eta onartuko balitz, oraindik bi urte beharko lirateke legea martxan jartzeko.
SOPA Legearen aurkako kritikak
AEBetan SOPA (Stop Online Piracy Act) pirateriaren aurkako lege famatua kritika ugari jasotzen ari den une berean, Europar Batasunak Interneten inguruko proposamen hau kaleratuko du.
"SOPA Legearen ingurukoak irakurtzen pasatu dut asteburua. Proposamen oso txarra dela dirudi. SOPAk, suedieraz, zaborra esan nahi du" idatzi du gaur Malmstrom buruzagi politiko suediarrak bere Twitter kontuan.