Gizartea -

Eguraldiaren iragarpena

Hotza eta elurra asteburu honetarako EAEn

Elurraren mailak nabarmen egingo du behera, eta litekeena da igandean 400 metrotan kokatzea.

Elurraren maila 400 metrora jaitsiko da igandean. Argazkia: Jose Luis Soto
Elurraren maila 400 metrora jaitsiko da igandean. Argazkia: Jose Luis Soto
Elurraren maila 400 metrora jaitsiko da igandean. Argazkia: Jose Luis Soto

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak igandera arte luzatu du abisu horia EAEn elur maila nabarmen jaitsiko duelakoan. Izan ere, baliteke biharko elur kota 400 metroren bueltan kokatzea.

Larunbatean giro ezegonkorrak eta hotzak jarraipena izango du. Euskalmeten iragarpenaren arabera, tenperaturan ez dugu gorabehera handirik espero; hotzenak apur bat jaitsi daitezke, goizaldean ostarteak zabalduko baitira, beraz barnealdean izotza egin dezake eta behe-lainoa ohiko puntutan sortuko da. Hodeitza aldakorra izango dugu, ostarteak zabalduko diren arren, itsasaldetik lainotzarrak sartu eta zaparradak botako ditu, aukera handiagorekin ipar partean eta egunaren bigarren zatian.

Elur-kota 700-800 m-ren bueltan egongo da baina egunaren amaieran 500-600 m inguruan zuritu dezake. Kantauri isurialdean zaparrada trumoitsuak botatzeko eta kazkabarra egiteko aukera ezin dugu baztertu.

Igandean are gehiago hoztuko duenez, elurraren mailak behera egingo du. Eguna lainopean igaroko dugu eta edozein momentutan euria egin dezake, bereziki ipar partean. Elur-kota apur bat gehiago jaitsi eta 400-500 m-ren bueltan zurituko du.

Goi-geruzetan ezegonkortasunarekin jarraituko dugunez, kantaurialdean, ekaitz-guneetan txingorra bota dezake. Haizeak iparraldetik joko du eta hotz kontuekin jarraituko dugu. Izotza egingo du, bereziki mendi inguruetan.

Astelehenean eguraldiak hobetzera egingo du eta ez da euririk espero. Ateri izanagatik, zerua ez da guztiz garbi egongo: goizean tarteka eguzkia ikustea posiblea izango bada ere, bigarren zatian hodeiak ugariak izango dira. Haizea mendebaldera aldatu eta epelago ibiliko da. Tenperatura maximoek gora egingo dute beraz, ez ordea minimoak; egunaren hasieran barnealdeko hainbat tokitan izotza egingo du, baita egunaren amaieran ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea