Gizartea -
Larunbatean desagertu ziren
Onik aurkitu dituzte Auñamendin galdutako bi mendizaleak
Dirudienez, 22 eta 52 urteko mendizaleak lainoaren ondorioz galdu ziren, Piriniotako mendi honetako gailurretik jaistean. Nafarroako Foru Poliziak Belaguan aurkitu ditu.
Erredakzioa
Larunbat honetan Piriniotako Auñamendiko inguruetan galdutako bi mendizale onik aurkitu dituzte Belaguako zonaldean. Dirudienez, 52 eta 22 urteko mendizaleak, federazio baten kideak, lainoaren ondorioz galdu ziren, gailurretik jaistean.
Mendizaleek 112 SOS Nafarroa Larrialdi Zerbitzuetara deitu zuten arratsaldeko 17:00ak aldera, ibilgailuak Belaguako aparkalekuan utzita, Auñamendiko gailurrerako bidea hartu zutela eta lainoaren ondorioz galduta zeudela azaltzeko.
Mendizaleek azaldu zutenez, Laskunerako norabidean GR10 ibilbidea hartzeko asmoa zuten, bertan dagoen aterpe batera heltzen saiatzeko baina deia moztu eta Larrialdi Zerbitzuek Paueko suhiltzaileei eman zieten abisua.
Frantziako suhiltzaileak aterpera joan ziren, baina ez zuten bertan inor aurkitu. Telefonoek ez zuten seinalerik ematen eta ordutik ez zegoen euren berririk.
Frantziako zerbitzuak, Larrialdierako Nafarroako Agentzia eta Guardia Zibilaren mendiko erreskate taldea bilaketa lanetan hasi ziren.
Azkenean, igande goizeko 11etan, Foruzainek auto batekin topo egin dute, eta desagertutakoak hartu eta gaua, Larrako Karts izenez ezagututako gunean pasa dutela ohartarzi dute. Goizean goiz, desagertutakoak autoa utzi zuten aparkalekura eraman dituztela esan dute eta ondorioz, Forzainek abisua eman eta bertan aurkitu dituzte, onik, bi mendizaleak.