Gizartea -
Ibaialde ikastola
Gipuzkoako Aldundiak 24.000 euro eman dizkio Lodosako ikastolari
Diru laguntza honekin, Gipuzkoako Aldundiak "ikasle bat, euro bat" kanpainarekin bat egin du eta Gipuzkoako ikasle bakoitzeko euro bateko ekarpena egin du. PPk gogor kritikatu du erabakia.
Erredakzioa
Gipuzkoako Aldundiak 24.000 euroko diru-laguntza eman dio Lodosako Ibaialde ikastolari, egoera ekonomiko larriari aurre egiten laguntzeko.
Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Martin Garitanok, eta Aldundiko euskara saileko zuzendariak, Zigor Etxaburuak, diru-laguntza honen berri emateko prentsaurrekoa egin dute Lodosan. Nafarroako Gobernua gogor kritikatu dute, izan ere, ikastola honen "egoera larria" erkidegoko hizkuntza-politikari egotzi diote.
Diru laguntza honekin, Ikastolen Federazioak hasitako "ikasle bat, euro bat" kanpainarekin bat egin nahi izan dute. Horregatik, Gipuzkoako ikasle bakoitzeko euro bate eman diote Ibaialde Ikastolari, eta denera 24.000 euroko ekarpena egin dute.
"Gure hizkuntzarekin dugun konpromisoa berretsiz, Gipuzkoako Aldundiak ekarpen hau egin nahi du", adierazi dute aldundiko ordezkariek.
Euren ustez, Ibaialde ikastolaren "egoera larria" "Espainiak eta Frantziak jartzen dituzten traba juridikoengatik, ideologikoengatik, kulturalengatik eta soziolinguistikoengatik gertatu da. Euskaraz normaltasunez bizitzea eragozten dute".
Gipuzkoako Aldundiaren ustez, Nafarroako Gobernuak "ardura zuzena" du ikastolaren egoeran. “Euren hizkuntza-politikaren" errua dela adierazi dute eta, zentzu honetan, "irtenbide duin bat emateko" deialdia egin diote.
Gipuzkoarrei "iruzur" egitea da PPrentzat
PPko Batzar Nagusietako ordezkariak, Juan Carlos Canok, Gipuzkoako Aldundiaren erabakia gipuzkoarrei "iseka" egitea dela esan du.
Gipuzkoan ehunka familiak arazo ekonomiko larriak dituzten unean horrelako diru-laguntza bat ematea kritikatu du Canok.
"Lodosa Nafaroan dago, eta ikastola horrek behar dituen laguntzak bertako Gobernuak eman beharko ditu", adierazi du.
Martin Garitanok ikastola horri diru-laguntzak eman nahi badizkio, "bere poltsikotik" egiteko eskatu dio.