Gizartea -

KORONABIRUSA

Ertzaintzak botiloiak eta jende pilaketak desegin ditu Donostian, Bilbon, Deban eta Urretxun

Istiluak izan dira eta botilak eta objektuak jaurti dizkiete agenteei zenbait tokitan, baina ez dute atxiloketarik egin.

Ertzaintzak esku hartu behar izan du osasun neurriak urratzen ari zirelako. EITB Media.
Hainbat pertsona lurrean botilekin
Ertzaintzak esku hartu behar izan du osasun neurriak urratzen ari zirelako. EITB Media.

AGENTZIAK | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak goizaldean esku hartu du Donostian, Bilbon, Deban eta Urretxun botiloiak eta pilaketak desegiteko; izan ere, koronabirusaren pandemiaren aurkako osasun-neurriak urratzen ari ziren.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, 01:50ak aldera, Ertzaintzak Donostiako Urbitarte pasealekura jo du, auzotarren kexak jaso ostean, pertsona taldeek sortutako zaratengatik eta musikagatik.

Ertzainek megafoniaz osasun-araudia betetzen ari ez zirela jakinarazi ostean, pertsona batzuek botilak eta objektuak jaurti dizkiete, eta horiek karga bat egin behar izan dute.

Goizaldeko ordu biak pasata, Urretxuko Ipeñarrieta inguruan pertsona asko botiloi bat egiten ari zirela jakinarazi diete. Ertzaintzaren herritarren babeserako taldeak iritsi bezain laster, bertan bildutako pertsonak sakabanatu egin dira. Horietako bi identifikatu eta kalean edateagatik zigorra ezartzeko proposatu dituzte, eta polizia-auto batek harri baten kolpea jaso du. 

Bestalde, Bilbon, goizaldeko ordu bi eta erdiak aldera, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren patruilak bertaratu dira, Levante plazan pertsona talde ugari zeudelako.

Hasiera batean, megafoniaz ohartarazi diete pandemiaren aurkako arauen aurka egiten ari zirela. Jarraian, haietako batzuek botilak eta objektuak jaurti dizkiete ertzainei. Ertzaintzak taldeak desegin ditu, gertakari gehiago erregistratu gabe.

Azkenik, goizaldeko hirurak aldera, Debako Alameda inguruan beste botiloi bat desegin du Ertzaintzak. Bertaratutakoek botilaren bat bota diete ertzainei, baina laster normaltasuna berreskuratu dute.

Nafarroan

Foruzaingoak 11 botiloi eta elkarretaratze desegin ditu asteburu honetan Nafarroako hainbat herritan, covid-19aren osasun-araudia eta etxeratze-aginduaren ordutegia urratzeagatik.

Azken bi asteetan, Foruzaingoak 102 salaketa jarri ditu etxeratze-agindua ez errespetatzeagatik, 42 maskara ez erabiltzeagatik eta 37 legez kanpoko botiloietan parte hartzeagatik.

Gainera, Foruzaingoak 28 urteko gazte bat atxilotu du Sarrigurenen, borroka jendetsu batean, arma zuriz mehatxu egitea egotzita. Zortzi lagun identifikatu dituzte, eta horietako bat ospitalera eraman behar izan dute, buruan odola zerion zauri bat zuelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Donostia Ertzaintza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Deba Albisteak Jaiak Osasun albisteak Urretxu Koronabirusa