Gizartea -
Gaizkile-taldeak
Roberto Seijo, ErNE: "Euskadin dauden 24 gaizkile-taldeetatik lau arriskutsuenak Bizkaian daude"
Roberto Seijok adierazi duenez, Fiskaltzak eskatu du EAEko hiru lurraldeetan koordinatuko den adingabeen unitate berezi bat sortzea. Hala ere, onartu du horretarako beharrezkoa dela polizien kopurua handitzea, eta gaineratu du garrantzitsua dela adingabeen artean prebentzio-lana egitea.
EITB Media
Roberto Seijo ErNE sindikatuko idazkari nagusiak Radio Euskadiko Boulevard Informativo saioan adierazi duenez, 2019an, 24 gaizkile-talde zeuden Euskadin. Horietatik guztietatik, lau arriskutsuenak Bizkaian daude, tartean, Koala Anaiak, Lemoako gaztea Zornotzan jipoitu zuena, hain zuzen ere.
Hori dela eta, uste du "beharrezkoa" dela adingabeen unitate espezifiko bat sortzea, eta azpimarratu du Fiskaltzak ere neurri hori eskatu duela jada. Gaineratu duenez, EAEko hiru lurraldeetan koordinatu beharko litzateke hori, eta mahai-gaineratu du garrantzitsua dela prebentzioa lantzea; hau da: gazteen familia- edo gizarte-arazoak detektatu ahal izatea eta, hainbat erakunderekin batera, talde horietan sartzea ekiditea.
Horretarako, baina, onartu du beharrezkoa litzatekeela Ertzaintzan langile gehiago kontratatzea, eta adierazi duenez, "kidegoak bost urte baino gehiago daramatza behargin-defizit handiarekin eta, beraz, plaza gehiago deitu beharko lirateke edo plaza-deialdiak gainjarri".
Deitoratu duenez, pertsonal-falta horrek kale-zurrutak kontrolatzea eragozten du. Ildo horretan, Seijok esan duenez, "astebururo 400 botiloi egin daitezke, baina 150 patruila baino ez ditugu". Kontuak horrela, uste du Ertzaintzaren lanak prebentziozkoa izan behar duela, bilera masiboak saihesteko. Jomugan jarri du Segurtasun Saila, esanez lan hori ezinezkoa dela "Sailak ez duelako agente nahikorik jartzen horiek galarazteko". Salatu du, gainera, patruilak jende-pilaketak desegitera joaten diren bitartean, beste gune edo larrialdi batzuk baztertu behar dituztela.