Gizartea -
Mitoak, ukiezinak
Bi turista AEBetatik deportatuta, Marilyn Monroe iraintzeagatik
Los Angeleseko aireportura heldu eta berehala, 24 eta 26 urteko lagunak atxilotu eta hainbat orduz galdekatu dituzte.
Zer egingo genuke Euskadin bi atzerritar heldu eta Mikel Laboa irainduko balute? edo are txarrago... Julen Guerrero edo Javier Clemente irainduko balituzte? Ameriketako Estatu Batuetan argi daukate: herrialde horretako mitoak ukiezinak dira, eta horrela dela argi uzteko Twitterren Marilyn Monroeri buruzko adar-jotzeak egin zituzten bi turista ingeles deportatu dituzte.
Gutxirako balio izan zitzaien Leigh Van Bryan eta Emily Buntingi hainbat orduz azalpenak ematea. Los Angelesko LAX aireportuko poliziak konbentzitzen saiatu ziren, baina Twitterreko mezuak ironiaz idatzita zeudela esateak ez zien askorako balio izan.
"3 weeks today, we are totally in LA pissing people off on Hollywood blvd and diggin Marilyn Monroe up!" izan zen Leigh Van Bryanen "tuita", euskarara itzulita "hiru astetan Los Angelesen izango gara Hollywood Boulevardeko jendeari txiza egiten eta Marilyn Monroe lurpetik ateratzen". Behin mezua irakurrita, agenteak bi gizon horiek noiz helduko zain egon ziren. Horrez gain, "Amerika suntsitu" egingo zutela esatea ez zitzaien oso baliogarria izan.
Hori dela eta, Los Angeleseko aireportura heldu zirenean, 24 eta 26 urteko lagun bikotea atxilotu eta hainbat orduz galdekatu zuten. The Sun egunkari britainiarrerako eginiko adierazpenetan, estatubatuar agenteek bost orduz galdekatu zituztela adierazi dute.
"Family Guy" telesaileko aipua
"Oporretan ondo pasatzea zen gure helburua. Hori da Leighen 'tuit'etan ulertu daitekeen gauza bakarra" azaldu du Emily Buntingek. Hollywood Boulevarden txiza egitea eta Marilyn Monroe lurpetik ateratzearen esaldia "Family Guy" telesailetik zuzenean hartutako aipua dela defendatu dute, eta "Amerika suntsitzea" festan ateratzearen sinonimo bezala erabiltzen dutela ziurtatu dute.