Gizartea -

Etxeko atarietan

18 urteko atxilotua Gasteizen, adingabeei sexu-erasoak egitea egotzita

18 urteko ustezko erasotzaileak aitortu egin du adingabeei euren etxeko atarietan sexu-erasoak egiten zizkiela.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko Ertzaintzak, Udaltzaingoarekin batera, 18 urteko gazte bat atxilotu du, azken hilabeteetan hirian adingabekoei sexu-erasoak egitea egotzita.

Ustezko erasotzaileak gertaerak onartu ditu eta 7 eta 14 urte bitarteko biktimen etxeko atarietan sexu-erasoak egiten zizkiela esan du.

Erasoak urrian hasi ziren eta urtarrilera arte gertatu dira. Denera bost salaketa jaso ditu Ertzaintzak eta sei adingabeko izan dira biktimak, kasuetako batean, bi adingaberi batera eraso egin baitzien.

Erasotzaileak kalean aukeratzen zituen biktimak eta jarraitu egiten zien, etxeko atarietan eurekin sartzen zen arte. Ondoren, mehatxatu egiten zituen, sexu-harremanak izateko, eta batzuetan indarra ere erabiltzen zuen horretarako. Kasu batzuetan, gainera, sakelakoaz grabatu egiten zuen erasoa.

Delituak burutu egin ziren bi haurri batera eraso egiten saiatu zenean izan ezik; ahaleginean gelditu zen kasu hori.

Susmagarria atzo arratsaldean aurkitu zuen Ertzaintzak Forondako Ataria kalean. Atxilotuak aitortu egin du sexu-erasoak egin izana, eta erasoengatik aurrekariak dituela berretsi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea