Gizartea -

Hotzaldi siberiarra

Tenperaturak, zeroz azpitik

Bilbo baino ez da esnatu tenperatura positiboekin (3 ºC). Hiriburu hotzena, Iruñea (-6 ºC).

Andre Maria Zuriaren plaza (Gasteiz) itxita dago, izotz asko pilatu baita. EFE
Andre Maria Zuriaren plaza (Gasteiz) itxita dago, izotz asko pilatu baita. EFE
Euskadi izoztu egin da

06:08

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ostegun honetako elurteen ostean, hotz siberiarrak okertzen jarraituko du gaur. Oraindik ere, bi egun gordin izango ditugu.

EAEn eta Nafarroan alerta laranja dago oraindik, hotza eta izozteak direla eta, baina gaurko ez dira espero atzo beste elurte. Elurra baino, izotza izango da kezkagarriena.

Hotza, hori bai, oso handia izango da, eta tenperaturak gradu batzuk jaitsiko dira. Hiriburuen artean, Bilbon baino ez daude tenperatura positiboak (3 ºC), gainerakoak zeroz azpitik daude: -2 ºC Donostian, -3 ºC Gasteizen eta Baionan eta -6 ºC Iruñean. Nafarroako hiriburuan, hotz-sentsazioa -9 gradukoa da.

Gasteiz, atzo elurte handienak izan zituen hiriburua (25 zirkulazio istripu jazo ziren) izotz bete esnatu da gaur kaleetan eta errepideetan. Gaur goizaldean, elurra kentzeko 14 makina aritu dira kaleak garbitzen. Batik bat Salburuan, Betoñon eta hiriko iparraldean aritu dira, denboralea bertatik sartu baita.

Oraingoz, ez dago aparteko arazorik zirkulatzeko.

Bestalde, Andre Maria Zuriaren plaza itxita dago atzotik, izotz ugari pilatu baita bertan.

Donostian, gutxieneko tenperaturak 4 gradu zeropera jaitsi dira, baina ia ez dago euririk ezta elurrik ere.

Udal zerbitzuek 65 tona gatz bota dituzte errepideetan.

Hotz handiena Iruñean jazotzen ari da: termometroak 5-6 gradu zeropetik daude, baina gutxieneko tenperaturak - 8 gradukoak izango dira. Autoak arazo barik zirkulartzen ari dira.

Bilbon ez dago ia arazorik, eta tenperaturak 0 ºC gainetik dauden hiriburu bakarra da.

EAEko eta Nafarroako errepide sare nagusia zabalik dago, baina kontu handia izan beharra dago gidatzerakoan, errepide asko izotz bete egongo baitira. Araban, Herrerako mendatea bakarrik dago itxita.

Asteburuari begira, eskola-kirol lehiaketa guztiak bertan behera utzi dituzte EAEn, eta ehiza jarduerak ere Bizkaian eta Gipuzkoan.

Halaber, atzo egin bezala, Mondragon Unibertsitateak gaur ere utzi ditu bertan behera klaseak Arrasaten, Oñatin eta Eskoriatzan. Horrenbestez, 2.000 ikasle geratuko dira eskola barik.

Gaurko aurrez ikusitako tenperaturak

- Bilbo Min.0º / Max.4º

- Donostia Min.-2º / Max.2º

- Gasteiz Min.-5º / Max.-2º

- Iruñea Min.-8º / Max.-3º

- Arrasate Min.-3º / Max.0º

- Laguardia Min.-4º / Max.0º

Larunbaterako aurrez ikusitako tenperaturak

- Bilbo Min.-3º / Max.6º

- Donostia Min.-5º / Max.4º

- Gasteiz Min.-9º / Max.1º

- Iruña Min.-10º / Max.0º

- Arrasate Min.-6º / Max.2º

- Laguardia Min.-7º / Max.2º

200 pertsona baino gehiago hil dira Europan

Hotz denboralea dela-eta, 200 pertsona baino gehiago hil dira Europan, erdia baino gehiago Ukrainan. Bertan 101 lagun baino gehiago zendu dira, horietatik 38 azken orduetan.

Ukrainaren ondoren, Poloniak jasan ditu tenperaturik hotzenak, eta, guztira, 37 pertsona hil dira bertan azken astean (horietatik zortzi bart). Erdialdeko Europan eta Balkanetan zero azpitik 30 graduraino iritsi da tenperatura, eta, hotzaldiaren ondorioz, 60 pertsona baino gehiago zendu dira. Errumanian 24 lagun hil dira, eta 6 gehiago zendu dira Bosnian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea