Gizartea -
Lapurreta
Bere burua entregatu du Usurbilgo banku bateko langileak atxiki ostean
Lapur batek ia ordu eta erdiz atxiki ditu bankuko langileak eta bezero bat, baina denak onik daude.
Erredakzioa
Lapur bat Usurbileko banku batean sartu da gaur goizean, eta barruan zeudenak atxiki ditu. Ondoren, baina, bere burua entregatu eta Ertzaintzak atxilotu egin du.
Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, lapurreta saiakeran ez da inor zauritu, baina langile bat osasun zentro batera eraman behar izan dute, antsietateak jota.
Lapurreta saiakera 10:00etan hasi da, Rural Kutxako sukurtsal batean, Zubiaurrenea kaleko laugarren zenbakian. Ordu horretan, pertsona bat barruan sartu, eta arma bat eskuan, osten saiatu da.
Lapurretetarako alarma piztu denean, Ertzaintza bertaratu egin da, eta ondorioz, lapurrak atxiki egin ditu bankuko langileak eta bezero bat.
Lapurrak burua estalita eta eskuan pistola bat zeramala bankuko langile bat eta bezero bat komunean sartuarazi ditu.
Ertzaintzaren negoziatzaile batek harekin hitz egin du, eta haren bikote-kidearen laguntzaz, lapurrak bere burua entregatzea lortu du 11:20an.
Erasotzailea 42 urtekoa da, eta bankua dagoen kalean bertan bizi da.
Mertxe Aizpurua Usurbileko alkateak esan duenez, eskuan zuen pistola faltsua zen.
"Noaua" herriko aldizkariak lapurretaren zuzeneko kontakizuna egin du Twitterren.