Gizartea -
mendizaletasuna
69 urteko mendizale bizkaitar bat hil da Candanchun, 100 bat metrotik erorita
Guardia Zibilak astelehen arratsaldean erreskatatu zuen mendizalea, eta 112 larrialdi-zerbitzuko helikoptero batek Miguel Servet Ospitalera eraman zuen, baina ezin izan dute ezer egin haren bizia salbatzeko.
Agentziak | EITB Media
69 urteko mendizale bizkaitar bat hil da Candanchu (Huesca) eski-estazioan erorita hainbat traumatismo larri egin ostean, Aragoiko Gobernuko iturriek jakitera eman dutenez.
Guardia Zibilak astelehen arratsaldean erreskatatu zuen mendizalea, eta 112 larrialdi-zerbitzuko helikoptero batek Miguel Servet Ospitalera eraman zuen, baina ezin izan dute ezer egin haren bizia salbatzeko.
Larrialdi-zerbitzuak 19:00ak aldera jaso zuen abisua, mendizale bat Candanchun, Aisa udalerrian, erori zela esanez. Hain zuzen ere, 'kontrabandisten koba' izeneko gunean izan zuen ezbeharra.
Hala, Guardia Zibilaren espezialistak eta 061eko osasun-langileak zauritutako mendizalea zegoen lekutik ahalik eta gertuen utzi zituzten; malda handiko eremu batean.
Tokian bertan artatu ostean, mendizalea eski-estazioko aparkalekura eraman zuten.
Ondoren, Zaragozako Miguel Servet Ospitalera eraman zuten helikoptero medikalizatu batean, eta bertan hil da, istripuan egindako zauri larrien ondorioz.