Gizartea -
Hotz-denboralea
Elurra Araban bota du batik bat; eta errepideetan, arazo gutxi
Igandean prezipitazio ugariak eta etengabeak espero dira. Elurra 300 metrotik gora botako du goizean.
Erredakzioa
Hotz eta elur denboraleak elurra ekarri du larunbatean, batez ere Araba aldean, baina apenas izan da arazorik errepideetan, izotzaren eraginez errepidetik atera dira ibilgailu batzuk kenduta.
Herrizaingo Sailaren arabera, arratsaldean zirkulazioa itxita izan da ibilgailu gutzientzat Altuben, Urduñan eta Herreran, hirurak bigarren mailako errepideetan.
Araban ere kamioiek debekatuta dute Kurtzeta, Vitoria eta Zaldiaraneko mendateetatik ibiltzea. Gainontzeko ibilgailuak bertatik pasa daitezke, baina kateak jarrita.
Bizkaia eta Gipuzkoa
Bizkaian elurrak ez du aparteko arazorik sortu eta Bikotzkane da itxita dagoen mendate bakarra, eta kamioientzako bakarrik. Bilbon elur gutxi jausi da, batez ere goizean, eta arratsaldean euria egin du batik bat.
Gipuzkoan mendate guztiak zabalik daude eta Donostian elurra goizean bota du. Arratsaldeko 18:00etatik aurrera, elur-maila 200 metrora igo da.
Igandean, euri asko
Euskalmeten arabera, igandean euria etengabe eta gogoz egingo du, eta 300 metrotik gora elurra botako du.
Igandean Atlantikotik fronte berri bat sartuko da, baina aurrekoa baino epelagoa, eta elur-maila igo egingo da. Airea hezea izango da baina euria gogoz egingo du, batez ere kantauri isurialdean.