Gizartea -
Hotzaldia
Hotzaldia nagusituko da berriro asteartetik aurrera
Lainoak izango dira nagusi eta zaparradak botako ditu, tarteka. Asteazkena izango da egunik hotzena.
Erredakzioa
Alerta horiak jarraitzen du elur eta izotz arriskuagatik. Eguraldiak gaur tregoa bat emango du, baina bihartik aurrera beste hotzaldi bat sartuko da; hala ere, ez da pasatu berri duguna bezain hotza izango.
Zerua oso estalia egongo da astelehenean eta prezipitazioak nagusituko dira, bereziki mendebaldean. Elur-kota 600-800 metro inguruan kokatuko da ekialdean eta 700-900 metro inguruan mendebaldean. Ipar-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin kostaldean eta mendi inguruetan. Barnealdeko zenbait puntutan izotz txikia egingo du, bereziki mendi inguruetan.
Asteartean zeruak oso hodeitsu jarraituko du. Elur-kota 500-700 metro inguruan kokatuko da eta arratsaldetik aurrera jaitsi egingo da eta egunaren azken orduetan itsas mailara jaitsi daiteke.
Asteazkenean eguraldiak berdintsu jarraituko du. Noizbehinka prezipitazio txikia egingo du, bereziki mendebaldean eta elur-kota 0 eta 200 metro artean kokatuko da.
Egunik hotzena izango da, tenperatura oso baxuekin eta elurra egin dezake edozein mailan.
Nafarroako iragarpena antzekoa da. Gaur elur-maila pixka bat igoko den arren, 600 metro ingurura, bihartik aurrera berriz ere edozein puntutan elurra egin dezake.