Gizartea -
Bizkaia
Prostituzioan aritzera behartu nahi zuten emakume bat askatu dute Bilbon
Biktima askatu zutenean, hainbat egun gela batean giltzapetuta igaro zituela azaldu zien agenteei. Izan ere, atxilotutako bi susmagarriek, prostituzioan aritzera behartu nahi zuten.
Agentziak | EITB Media
Bilbon zerbitzari gisa lan egingo zuela sinestaraziz Errumanian engainatu zuten emakume bat askatu dute Bizkaiko hiriburuan; izan ere, prostituzioan aritzera behartu nahi zuten, Espainiako Poliziak ostiral honetan jakitera eman duenez. Halaber, bi pertsona atxilotu dituzte polizia-operazio horretan, legez kanpoko atxiloketa eta sexu-esplotaziorako pertsonen salerosketa egotzita.
Europol agentziak eta Errumaniako Barne Departamentuak eman zuten abisua. Hain zuzen ere, emakume bat sexu-esplotaziorako legez kanpo atxilotu izana salatu ostean abiatu zuten ikerketa.
Polizia-operazioak aurrera egin ahala, agenteek egiaztatu zuten bi emakume errumaniar zerikusia zutela kasuarekin. Hala, biktima Errumanian engainatu zuten, lan-eskaintza faltsu batekin. Biktima, Santanderrera iritsi zen hegazkin batean, atxilotutako emakume batekin batera, baina une hartan ez zekien zer gertatzen ari zen. Gauzak horrela, Bilbora eraman zuten, auto batean, eta Bizkaiko hiriburuko etxebizitza batean giltzapetu zuten.
Gainera, Espainiako Poliziak azaldu duenez, biktimak bere hegazkin-txartelaren prezioa ordaindu zuen, eta ostatua zein eguneroko gastuak ordaintzeko konpromisoa hartu zuen.
Emakumea askatu zutenean, hainbat egun gela batean giltzapetuta igaro zituela azaldu zien agenteei; izan ere, atxilotutako bi susmagarriek prostituzioan aritzera behartu nahi zuten.
Testuinguru horretan, biktima "oso asaldatuta eta minduta" topatu zuten, eta, gainera, ekonomikoki une zailak bizi zituen, aspaldidanik. Halaber, tokiko hizkuntza ez jakiteak "presio gehiago" sortzen zion, Espainiako Poliziak azaldu duenez.