Gizartea -
Administrazio Kontseilua
RTVEko aurkezle 'izarren' soldatak jaitsiko dituzte
Horrez gain, zuzendari-kopurua murriztuko dute eta hauei ere soldata jaitsiko diete. Oraingoz, RTVEren programazioko edukiak bere horretan utziko dituzte.
Erredakzioa
RTVEren Administrazio Kontseiluak murrizketak egiteko erabakia hartu du: zuzendaritzako karguak % 10ean murriztuko dituzte, zuzendariei nahiz komunikabide horretako aurkezle 'izarrei' soldatak jaitsiko dizkiete eta ibilgailu ofizialak erabiltzeari utziko diote.
Aipatu neurriak hartuta, RTVEk 3,15 milioi euro aurreztuko dituela ondorioztatu du. Asteazken honetan egindako bilera luze batean, oraingoz programazioko edukiak bere horretan uztea erabaki dute, Gobernuak RTVEri zuzendutako aurrekontua 203,8 milioitan murrizteko erabakia "arindu" dezaketela uste dutelako. Martxoan beste bilera bat egingo dute egoera aztertzeko.
RTVEko zuzendaritzako karguak % 10ean murriztuta eta aurkezle 'izarren' soldatak % 25ean jaitsita, 700.000 euro inguru aurreztuko dituzte.
Bestalde, telebistako albistegietako aurkezleen kasuan ere soldata-jaitsiera bera egitea proposatu dute; telebistako kolaboratzaile eta tertulianoei, berriz, soldatak % 14 eta % 50 bitarteko jaitsiera aplikatzea nahi dute. Neurri horiek hartuz gero, guztira, 200.000 euro aurreztuko lituzkete.
Amaitzeko, irratietako programetako aurkezleen, kolaboratzaileen eta tertulianoen soldatak ere jaistea aztertuko dute, 500.000 euro inguru aurrezteko asmoz.