Gizartea -
Auzokideak hustu dituzte
Kontrolpean dago Azkoitiako etxebizitza batzuetan piztutako sutea
Goizalde osoa eman dute suhiltzaileek sugarrak itzaltzen. Bi etxebizitza-blokek jaso dituzte kalteak eta hainbat auzokide hustu eta hotel batera eraman dituzte.
Erredakzioa
Ostiral gauean, 00:30ak aldera, Azkoitiako etxebizitza batzuetan piztutako sutea kontrolpean dago dagoeneko. Goizaldeko 05:00ak aldera, suhiltzaileek sutea mendean hartuta zutela uste bazuten ere, azken orduetan indarberritu zen.
Izan ere, sutea Nagusi kalean, 14. zenbakian, hasi da eta itzaltzeko lanei orduak eman ostean, sugarrak ondoko atalondora zabaldu dira, kaleko 16. zenbakira, han zuzen ere. Hori dela eta, bi atalondoko auzokideak eta baita inguruko lokaleko beste zenbait eraikin hustu eta hotel batera eraman dituzte.
Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez, etxebizitzek kalte handiak jasan dituzte. Lehenengo hipotesien arabera, erradiadore baten egon liteke sutearen jatorrian.