Gizartea -

'Palma Arena' auzia

Fiskaltzak ez du Noos auzipetuentzako kautelazko neurririk eskatu

Goizaldera arte bost auzipetuei deklarazioa hartu ostean, epaileari neurriak eskatzea baztertu dute Ustelkeriaren aurkako fiskalek. Deklarazio-sortak hilaren 18an jarraituko du.

Miguel eta Marco Antonio Tejeiro Noos kasuko auzipetuak epaitegian izan ziren atzo. Argazkia: EFE
Miguel eta Marco Antonio Tejeiro Noos kasuko auzipetuak epaitegian izan ziren atzo. Argazkia: EFE
Miguel eta Marco Antonio Tejeiro Noos kasuko auzipetuak epaitegian izan ziren atzo. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Noos kasuan auzipetu dituzten eta larunbat honetan deklaratzen egon diren bost lagunen aurkako kautelazko neurriak eskatzea baztertu dute Juan Carrau eta Pedro Horrach Ustelkeriaren aurkako fiskalek. Horrela, Diego Torres, Miguel eta Marco Antonio Tejeiro, Ana Maria Tejeiro eta Salvador Trinxet auzipetuak epailearen aurrean izan ziren atzo, Noos Institutuak ustez egindako funts publikoen eta pribatuen desbideratze delitua leporatuta.

Epaitegiaren iturriek jakitera eman dutenez, gaueko azken orduetan amaitu zuten Salvador Trinxet aholkulari juridikoari deklarazioa hartzen. Noos Institutuaren bitartez lortutako mozkinak nazioarteko sare baten bidez ustez desbideratu izana leporatu dio Fiskaltzak.

Halaber, Marco Antonio Tejeiro Nooseko presidente ohiaren enpresen administratzailea izan zena, Miguel Tejeiro haren anaia eta Nooseko kontulari ohia eta Diego Torres Iñaki Urdangarinen bazkide ohia ere izan ziren larunbat honetan epailearen aurrean.

Torresek eta Ana Maria Tejeiro haren emazteak deklaratzeari uko egin zioten baina horrek ez du Mario Pascual Urdangarinen abokatua harritu. Abokatu honek baieztatu duenez, datorren otsailaren 25ean Urdangarin izango da epaitegian eta hark bai deklaratuko duela aurreratu du. Jazotakoa argitzeko Palmako Dukea "gai" izango dela uste du Pascualek.

Deklarazio-sortak hilaren 18an jarraituko du. Egun horretan Jose Luis 'Pepote' Ballester Illesporteko arduradun ohiak, Gonzalo Bernal Balear Uharteko Turismorako Institutuko buruzagi ohiak, Juan Carlos Aliak eta Miquel Angel Bonet Ibaturreko aholkulari juridiko ohiak deklaratuko dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea