Gizartea -
Donostian
Ertzain batzuei droga eskaini die diskoteka baten aparkalekuan
Gazteak bere ibilgailura hainbat joan etorri egiten zituela ikusi zuten agenteek, beti pertsona ezberdinekin. Pertsona horiekin ustez legez-kanpoko transakzioak egiten zituen.
Erredakzioa
Ertzaintzak 24 urteko gaztea atxilotu du Debako diskoteka baten aparkalekuan, kalez jantzita zeuden bi ertzaini droga erosteko aukera emateagatik. Bi agenteak kamuflatutako polizia-auto batean zeuden.
Herrizaingo Sailak aditzera emandakoaren arabera, gertaera 04:00ak aldera izan da. Agenteak drogen salerosketa saihesteko lanetan ari ziren eta drogen salerosketa ikusi zuten aparkalekuan.
Zehazki, gazte batek bere ibilgailura hainbat joan etorri egiten zituela ikusi zuten agenteek, beti pertsona ezberdinekin. Pertsona horiekin ustez legez-kanpoko transakzioak egiten zituen.
Speed eta dirua
Momentu batean, susmagarria agenteen autora hurbildu zen eta droga eskaini zien. Hori ikusita, ertzainek gaztea identifikatu eta miatu zuten. Miaketa horretan bi speed poltsatxo eta 550 euro atzeman zizkioten.
Ondoren, gaztearen autoa miatu zuten eta 50 gramo speed aurkitu zituzten, poltsatxo ezberdinetan banatuta eta saltzeko prest, balantza bat eta banakako dosiak prestatzeko bestelako gailuekin batera.