Gizartea -
Bizkaia
Santurtziko epaitegiko idazkaria lanik gabe utzi dute bost urtez, legez kanpoko festa bat antolatzeagatik
Gainera, soldatarik gabe utzi dute epe horretan. Urtezahar gauean egn zuten ospakizun hori, koronabirusari aurre egiteko asmoz ezarritako etxeratze-agindua errespetatu gabe.
Agentziak | EITB Media
Santurtziko Bake Epaitegiko idazkariari enplegua eta soldata kendu dizkiote bost urtez, Urtezahar gauean legez kanpoko festa bat egin zutelako Bizkaiko udalerri horretako epaitegian, eta parte hartzaileen artean idazkari horren alaba bat zegoen.
Eusko Jaurlaritzako iturriek baieztatu dutenez, urte hasieran diziplina-espedientea ireki zioten funtzionarioari. Orain, enplegua eta soldata bost urtez kentzea erabaki du Justizia Administrazioko zuzendaritzak.
Hain zuzen ere, legez kanpoko ospakizuna Urtezahar gauean egn zuten, koronabirusari aurre egiteko asmoz ezarritako etxeratze-agindua errespetatu gabe. Epaitegian jende andana sartu-irtenak egiten ari zela ikusita, auzokideek Santurtziko Udaltzaingora deitu zuten, zerbait gertatzen ari zela ohartarazteko asmoz.
Hala, bertaratu ziren udaltzainek bost gazte identifikatu zituzten. Zehazki, epaitegi horretako bista-gelan aurkitu zituzten. Bertan, gainera, txakur bat eta alkoholez betetako motxilak zeuden.
Zigortutako emakumea, legez kanpoko ospakizun horretan parte hartzen ari zen gazte baten ama da; izan ere, bere alabari giltzak utzi zizkion, El Correok jakinarazi duenez.
Kasuaren gertuko iturrien arabera, idazkariak hutsegite oso larria egin du, funtzionario kargua beretzat edo beste pertsona batentzat bidegabeko onura lortzeko erabiltzeagatik.