Gizartea -
Lan egin ahal izateko
Gidabaimena kendu diote baina zigorra asteburutan bakarrik beteko du
Hamar hilabeterako kendu diote gidatzeko baimena garraiolari bati, mozkortuta gidatzeagatik, baina asteburu eta jaiegunetan bete ahalko du zigorra.
Erredakzioa
Madrilen egindako alkoholemia-proba batean positibo eman zuen gidari profesional bati hamar hilabetez gidatzeko debekua ezarri zioten azaroan, epaiketa azkar batean, baina asteburuetan, jaiegunetan eta oporretan bete ahalko du zigorra.
Zigorrak betearazteko Madrilgo 4. Epaitegiak zigorra horrela betearaztea ebatzi du, idatzi batean kaleratu duen arabera, Fiskaltza aukera horren kontra agertu zen arren. Astegunetan gidatu beharra duela alegatu zuen kondenatuak, bere lan-jarduera hori baita.
Epailearen esanetan, Madrilgo Lurralde Auzitegiaren epairen batean jadanik jaso dutenez, askatasunaz gabetzeko zigor bat zatika bete daiteke, zigortua non dagoen jakinez gero une oro, eta zigor hori bertan behera uzteko aukera ere badago; hori horrela bada, “arrazoi gehiago” dago gidabaimena zatika kendu ahal izateko.
Epailearen erabaki horrekin, gidari horrek 10 hilabeteko zigorra batu eta, 300 egun horiek, datorren martxoan hasi eta 2013ko abendura arte bete beharko du. Ia bi urteotan, zigortuak ezingo du gidatu ez asteburuetan, ez zubietan, ez Aste Santuko oporretan, ez aurtengo eta datorren urteko abuztuan eta abenduko hainbat egunetan.