Gizartea -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Jaurlaritzak ez du oposizioaren gai-zerrendaren aldaketa errekurrituko
Isabel Celaak azpimarratu duenez, aurka eginez gero "irabazi egingo litzateke seguru asko", baina Hezkuntzako Lan Eskaintza Publikoa geldituko litzateke horrela.
Erredakzioa
Isabek Celaa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak esan duenez, ez dute Ministerioak adostutako gai-zerrendaren kontrako helegiterik aurkeztuko, horrek aurreikusita dagoen Lan Eskaintza Publikoa geldiaraziko lukeela argudiatuta. "Ezin gara proba prestatzen ari diren 10.000 lagunekin jolastu", esan du Celaak.
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean adierazi duenez, gai-zerrendaren aldatu izanaren aurka egin daiteke, eta ez hori bakarrik, "ziur aski irabazi ere bai", baina horrek "Eskaintza Publikoa geldituko luke". Hezkuntza sailburuaren arabera, hori "neurrigabea" litzateke, eta hortaz, LEPa aurreikusi bezala egingo dela esan du.
Espainiako Hezkuntza ministro berriak dekretuz bideratutako aldaketak ez duela "aurrekaririk" esan du Celaak. "Erkidegoei kontsultatu gabe eta oposizio bateko gai-zerrenda adosteko izapideak saihestuz", egin dela azpimarratu du.
Celaaren ustez, horrelako erabaki bat "arduragabekeria da ministro kargua duen pertsona batengan" eta erkidegoetako gobernuekin eta batez ere oposizioa prestatzen ari direnekin "errespetu falta".
Halaber, gai-zerrenda "oso zaharkitua" ezarri dutela salatu du Celaak, eta, adibide gisa, ez direla "bullyinga, ziberkultura, informatika edo Sarean erabiltzen den mintzaira" aipatu ere egiten azaldu du.