Gizartea -
Malasaña auzoa
Eraso homofoboa salatu zuen Madrilgo gazteak bertsioa aldatu du Poliziaren aurrean
Poliziak Malasaña auzoko gaztea arratsaldean galdekatu du berriro. Gazteak bertsioa aldatu eta zauriak egiteko baimena eman zuela esan du Poliziaren aurrean. Salaketa faltsuak salbuespenak dira,eta biktimen %7k baino ez dute gertatutakoa salatzen.
Agentziak | EiTB Media
Eraso homofoboa salatu zuen Malasañako gazteak bertsioa aldatu eta zauriak egiteko baimena eman zuela azaldu du Poliziaren aurrean, Barne Ministerioko iturriek baieztatu dutenez.
Horregatik, Espainiako Poliziaren lana goraipatu du Barne Ministerioak; izan ere, gazteak erasoa salatu zuen igandean, Madrilgo Malasaña auzoan, baina "hasierako deklarazioa aldatzea erabaki du, eta hasiera batean salatutako zauriak egiteko baimena eman zuela aitortu du".
Hala ere, "ikerketak eta prozedura judizialak aurrera jarraituko du", iturriek erantsi dutenez.
Salaketa faltsuak salbuespenak dira, eta, hain justo, lehen seihilekoan % 43 hazi dira LGTBI pertsonen aurkako erasoak Estatuan. Gainera, biktimen %7k baino ez dute gertatutakoa salatzen, Europako Behatokiaren datuen arabera.
La Sexta telebistak aurreratu duenez, Poliziak gaztea arratsaldean galdekatu du berriro. Ezpainean eta ipurmasailean egindako zauriak, 'maritxu' hitza tatuatu zioten, egiteko baimena eman zuela aitortu du.
Salaketan ustezko biktimak emandako xehetasunak "bat ez" zetozela ikusi zuen Poliziak. Egunez, udako igande batean, 17:00etan, zortzi gazte kaputxadunek, buru-beroki eta jertseekin jantzita, eraso egin ziotela adierazi zuen, baina inork ez zuen ezer ikusi.
Palma kaleko zein metroko segurtasun kamerek ez zuten erasotzaileen taldea grabatu. Gainera, biktimak ez zien larrialdi zerbitzuei, Summari edo Samur Babes Zibilari deitu, Europa Pressek egiaztatu duenez.
Poliziek zonaldeko dendariak eta bizilagunak galdekatu dituzte azken egunetan, eta haiek ez zuten ezer entzun. Ondorioz, poliziek salatzailearen mugikorra eta sare sozialak aztertu dituzte, eta beste pertsona batekin harreman bitxi samarra zuela egiaztatu dute.
Orain, litekeena da gazteari salaketa faltsua leporatzea.