Gizartea -
Neurria
Antisorgailuak doakoak izango dira 25 urte arteko emakumeentzat Ipar Euskal Herrian
Probak eta kontsulta medikoak ere doakoakizango dira. Orain arte, 18 urtez azpiko emakumeentzat zegoen zuzenduta neurria.
Agentziak | EITB Media
Kontrazepzioa doakoa izango da 25 urte arteko emakumeentzat Ipar Euskal Herrian. Hain zuzen ere, Frantziako Gobernuak hartu duen neurria da, eta 25 urtera arteko emakume guztiek behar dituzten antisorgailuen, proben eta kontsulta medikoen doakotasuna ezartzea du helburu.
Olivier Veran Frantziako Osasun ministroak ostegun honetan iragarri duenez, urtarriletik aurrera doakotasun hori 25 urtera arte luzatuko da; izan ere, gaur egun 18 urtetik beherakoak hartzen ditu. Osasun ministroak azaldu duenez, aldaketa hori egiteko "arrazoi nagusia ekonomikoa da", adin horretara arte antisorgailuei uko egiten dieten emakumeak daudela egiaztatu baitute.
Veranek azaldu duenez, 25 urteko muga ezarri dute, adin horretan dagoeneko nolabaiteko independentzia ekonomikoa dutelako.
Gauzak horrela, Gizarte Segurantzak antisorgailuen kostua (edozein motatakoak direla ere) ez ezik, analisiak eta errezetak lortzeko kontsultak ere bere gain hartuko ditu, baita kontrazepzioarekin lotutako "arreta guztiak" ere.
Neurri horren kostua urtean 21.000.000 eurokoa izango da.
Neurriak 1.500.000 emakume ingururi emango die laguntza urtarrilaren 1etik aurrera. Orain arte, antisorgailuen preziotik % 65 itzultzen zitzaien.
2013tik, erabateko doakotasuna indarrean dago 15 eta 18 urte bitarteko emakumeentzat, eta horrek nabarmen murriztu ditu abortuak adin-talde horretan. 2020ko abuztuan, 15 urtetik beherakoetara zabaldu zen neurria.