Gizartea -
Salaketa
450 milioi ume arriskuan, desnutrizioa dela eta
Elikadura krisia dela eta, munduan bizi diren milioika haurrek garapen fisikoan eta mentalean arazoak izango dituztela ohartarazi du Save the Children gobernuz kanpoko erakundeak.
Erredakzioa
Elikadura krisiari eta desnutrizioari aurre egiteko neurririk hartzen ez bada 450 milioi haurrek garapen fisikoan eta mentalean arazoak izango dituztela ohartarazi du Save the Children gobernuz kanpoko erakundeak.
Erakunde horren arabera, 300 ume hiltzen dira orduro munduan desnutrizioa dela eta. Urtean 7,6 milioi haur hiltzen dira; heren bat (2,6 milioi), desnutrizioaren ondorioz.
Egoera horri aurre egitea lortzen duten umeek atzera bueltarik gabeko ondorio larriak pairatzen dituzte. Gutxienez munduko 170 milioi umek garapenean atzerapenak dituzte, eskola errendimendu eskasa dute eta garaiera batez bestekoa baino txikiagoa dute.
Save the Childrenek salatu duenez, azken 20 urteetan desnutrizioaren kontra lortutako aurrerapausoak oso motelak izan dira eta aldaketa klimatikoak, elikagaien prezioen ezegonkortasunak, ziurgabetasun ekonomikoak eta aldaketa demografikoak hori gehiago moteldu dutela azpimarratu du.
"Mutiko eta neskato guztiek beharrezkoa duten nutrizioa jaso eta elikaduraren krisia gainditzeko urte garrantzitsu batean gaude. Datorren urtera arte itxaroten badugu berandu izango da jada", esan du Lucia Losoviz Save The Childreneko nazioarteko kanpainen arduradunak.
Desnutrizioari aurre egiteko neurriak
Save the Childrenek esan duenez, garrantzitsua da bi milioi haurren heriotza saihestea lortzeko nutrizio gehigarriak erabiltzea eta ohitura osasungarriak bultzatzea, besteak beste, eskuak garbitzea edota amagandiko edoskitzea babestea.
Halaber munduko agintariei eta garapen bidean dauden herrialdeei desnutrizioaren kontrako neurriak hartzeko eskatu diete. G-8ko eta G-20ko ordezkariei,esaterako, bileretan elikaduraren krisiari aurre egiteko balio duten planak aztertzeko eskatu diete.