Gizartea -
Iragarpena
Euria eta abisu horia izotza eta elurragatik
Igandean zerua estalita egongo da eta euria egingo du, batez ere, eguerdi aldean, baina arratsalderako prezipitazioak gutxitu egingo dira. Astelehen arratsaldetik aurrera eguraldiak hobera egingo du.
Erredakzioa
Iganderako Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko etaMeteorologiako Zuzendaritzak abisu horia ezarri duizotza eta elurragatik. Fronte ahul bat iritsiko da eta giroa kaskartu egingo da. Goizean goizetik zerua ilun agertuko da eta euritarako egongo da eguraldia; euri txikia egingo du oro har, baina kantauri isurialdean tarteka zaparrada mardulen bat ere bota dezake.
Hegoaldera hodeiak saretuta iritsiko dira eta apenas egingo duen euririk. Iparraldeko haizearekin, giroa nabarmen freskatuz joango da egunean zehar eta elur-mailak ere behera egingo du, goizean zehar 800 m ingurura jaitsiko da eta arratsalderako 500 m-ra ere gerturatu daiteke, baina ordurako atertuz joango da. Tenperaturari dagokionez, egunsentia ez da hain hotza izango eta eguneko beroenak 5-10 ºC artean geldituko dira.
Nafarroan elur-kota 1000 metrotik 500 metrora jaitsiko da igandean eta zerua oso hodeitsu egongo da.
Astelehenerako abisu horia mantenduko dute izotzaldiak direla eta. Izan ere, zeru-gaina garbituz joango da astelehenak aurrera egin ahala. Egunsentian oraindik hodeiguneak nagusituko dira, bereziki mendebaldean, baina orduek aurrera egin ahala desegiten joango dira eta urdina nagusituz joango da. Arratsaldean giro eguzkitsua nagusituko da. Ipar-ekialdeko haize hotza iritsiko zaigu eta ondorioz termometroak 7-9 ºC artean errendituko dira. Izotza botako du barnealdeko hainbat zonaldetan.
Eguzkitsu dator asteartea. Egunsentiko behe-lainoen ondoren, zerua ia erabat garbi mantenduko da; tarteka goi-hodei batzuk soilik ikusiko ditugu. Eguna hotzetik esnatuko da, zeropetik termometroak ia lurralde osoan, baita kostaldeko hainbat zonaldetan ere; barnealdeko hainbat puntutan izotz galanta botako du. Egunean zehar berriz, tenperaturak pittin bat irabaziko du eta gehienez ere 10 ºC-ra gerturatuko dira.