Gizartea -

Ikastetxeetan eta parkeetan

13 urteko zigorra, 10 adingaberi sexu erasoak egin dizkiolakoan

Bartzelonako fiskalak 13 urteko espetxe zigorra eskatu du 30 urteko gizonezko batentzat, polizia zen itxurak eginez parkeetan eta ikastetxeetan hamar adingaberi eraso egitea leporatuta.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fiskaltzak 13 urte eta lau hilabeteko kartzela-zigorra eskatu du 30 urteko gizonezko batentzat, polizia zen itxurak eginez Sant Boi de Llobregateko (Bartzelona) parkeetan eta ikastetxeetan hamar adingaberengana hurreratu eta sexu erasoak egitea egotzita.

Ustez, 30 urteko auzipetua neskengana hurbiltzen zen eta, polizia zela esan eta gero, adingabeak miatzen zituen itxurak eginez, prakak jaitsi eta sexu-organoetan ukitu lizunak egin eta musuak ematen zizkien, Fiskaltzak azaldu duenez. "Agente sekretua naiz eta hemen itxaron behar duzu, haxix salmentarekin lotura duzu eta", esaten omen zien.

Biktimak 10 eta 18 urte artekoak ziren eta gehienek kalte psikologikoak pairatu dituzte erasoen ondorioz. Gainera, batzuek kalte fisikoak ere jasan zituzten; kolpeak aurpegian, esaterako.

Kartzela-zigorrarekin batera, Ministerio Publikoak behin-behineko espetxealdia eta neska bakoitzeko 1.500 eta 3.000 euroko kalte ordaina ordaintzea eskatu du. Auzipetua asteartean epaituko dute Bartzelonako Auzitegian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea