Gizartea -
Gertakaria
Hiru lagun arin toxikatu dira Sartagudan izandako sute batean
Sutea egur-berogailu batek eragin du, Nafarroako Gobernuak esan duenez.
Erredakzioa
Hiru pertsona arin zauritu dira gaur goizaldean Sartagudan (Nafarroa), etxebizitza batean sortu den sutean karbono monoxidoa arnastuta. Zaurituen artean 3 urteko haur bat dago. Adingabea eta harekin zeuden 24 urteko emakumea eta 22 urteko gizona konortea galdu gabe zeuden larrialdi zerbitzuak heldu direnean, eta Lizarrako Garcia de Orcoyen Ospitalera eraman dituzte berehala.
Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez, egur-berogailu baten errekuntza txarrak eragin du sutea. Auzokide batek eman du sutearen berri 05:33an, larrialdi zerbitzuetara egin duen dei baten bidez, eta bertatik berehala bidali dituzte Lodosako medikua, osasun laguntzaile teknikoa, anbulantzia, Lodosako suhiltzaileak eta Foruzaingoaren patruila bi.
Bertan, suhiltzaileek eraikina aireztatu dute eta goiko pisuko karbono monoxidoaren maila neurtu dute. Gasaren presentziarik antzeman ez duten arren, bizilagun bi ebakuatu dituzte, prebentzio modura. Bi etxebizitzak hustu egin dituzte, eta suhiltzaileak datozen orduetan itzuliko dira karbono monoxidoaren maila berriro neurtzera.