Gizartea -
Legebiltzarraren proposamena
Erleak hiltzen dituen Asiako liztorrekin amaitzeko plana eskatuko dute
2010ean Gipuzkoara eta Nafarroara iritsi ziren Asiako liztor inbaditzaileak, eta erlezainek salatu dutenez, kalte handiak egin ditzakete.
Erredakzioa
Eusko Legebiltzarrak Asiako liztor inbaditzaileekin amaitzeko plan bat eskatuko dio Eusko Jaurlaritzari, izan ere, erleak jaten dituzte eta arazo larriak eragiten dizkiete bai erlezainei bai ekosistema osoari. Ekimena EAJk, PPk eta Aralarrek aurkeztu dute eta euskal ganberako Ingurugiro Batzordean eztabaidatu dute gaur. Alderdi guztiek alde bozkatu dute, Aralarrek jakitera eman duenez.
Liztor hau erlea baino hiru aldiz handiagoa da eta Vespa Velutina da izen zientifikoa. 2004an Frantzian atzeman zuten baina segituan ondoko herrialdeetara iritsi zen.
2010ean Gipuzkoan eta Nafarroan ikusi zituzten, eta iazko urrian erlezainek salatu zutenez, kalte handiak eragin dizkiete; izan ere, liztor hauek, nektarra eta fruitu helduak jateaz gain, erleak eta beste intsektu batzuk hil egiten dituzte.
Oraingoz ez dituzte EAEko beste inon aurkitu, baina adituen arabera, edozein tokitara iritsi daitezke.
Gainera, Dani Maeztu Aralarreko legebiltzarkideak azaldu duenez, ekosistema arriskuan jartzen dute, "erlea funtsezkoa baita polinizazioan, eta liztorrek erle kopurua murrizten badute, biodibertsitatea kaltetu daiteke".
Arazo horri aurre egiteko, Eusko Legebiltzarrak sei hilabetetan plan bat egiteko eskatu dio Jaurlaritzari, Aldundiekin eta ondoko lurraldeekin (Akitania) elkarlanean, Asiako liztorrak akabatzeko.