Gizartea -
Delitugintza Euskadin
Delitu kopuruak behera egin du EAEn
2011n 85.778 delitu eta hutsegite izan dira, aurreko urtean baino 7.000 gutxiago. Dena den, hilketek eta emakumeen aurkako indarkeria kasuek gora egin dute. Atxiloketak % 2,4 gehiago izan dira.
Erredakzioa
2011n, Euskal Autonomia Erkidegoan izandako delitu eta hutsegiteen kopurua % 2,83 jaitsi zen aurreko urtearekin alderatuta, eta atxiloketek, aldiz, % 2,4 egin zuten gora, Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak astearte honetan Eusko Legebiltzarreko Batzordean eman dituen datuen arabera.
2010ean ere jaitsiera erakutsi zuten datuek, eta bi urteko joera honek EAEko hiru lurraldeetan izaten ari den bilakaera baieztatu du, aurreko bost urteotako igoera etengabearen aldean. Aresek azpimarratu duenez, Euskadi ''lurralde segurua da'', inguruko herrialdeetako datuen azpitik egoteak erakusten duen bezala.
2011ko datuek (85.778 delitu eta hutsegite) 1.000 biztanleko 39,26n kokatzen dute tasa, "oso tasa baxua" inguruko herrialdeekin alderatuz. Orain bi urte baino ia 7.000 delitu gutxiago izan dira iaz.
Bizkaian, 48.915 delitu eta falta erregistratu ziren (42,32, 1.000 biztanleko); Gipuzkoan, 22.967 (32,37, 1.000 biztanleko); eta Araban, 13.836 erregistratu ziren (43,53ko tasa, 1.000 biztanleko).
Hilketak eta indarkeria matxista, gora
Hilketa saiakerek % 20 egin dute gora (49tik 59ra), eta horietatik 12 kasutan burutu zen hilketa erabat. Guztietan ezagutzen da egilea, eta atxilotuta dago, kasu batean izan ezik (ikerketa zabalik dago azken honetan).
2011an, ondarearen kontrako 4.000 delitu eta falta gutxiago izan ziren, 2008ko mailara itzuliz. Lapurretak eta kalte delituak %13 jaitsi ziren (22.860tik 20.214ra eta 3.231tik 3.180ra, hurrenez hurren), eta kategoria hauekin lotutako faltak ere jaitsi egin ziren (31.545etik 30.185era, beraz, %4,5 gutxiago).
Segurtasun kolektiboaren kontrako delituen kasuan, bide-segurtasunarekin erlazionatutako delituek egin dute gora, eta droga-trafikoaren inguruko delituak, berriz, behera.
Ordena publikoaren kontrako delituek ere jaitsiera izan dute.
Aresek azaldu duenez, ETAren indarkeriaren etenari esker, Ertzaintzaren lan prozeduran aldaketak egin ahal izan dituzte. Horrela, ETAk mehatxatutakoei babesa eskaintzen zieten 150 agente emakumeen aurkako indarkeria jaso duten biktimak zaintzen egiten dute lan orain.
Esparru honetan, dena den, delituek % 13, 4 egin dute gora, eta 745 atxiloketa egin behar izan zituen.
Sexu-askatasunaren kontrako delituak ere igo egin dira.